Kezkatuta azaldu dira azken asteotan herriko dendariak, Berriak elkarteak antolatutako kanpainaren baitan. Beraien ustez, herriko komertzioetako salmentak jaisten ari direlako.
Kanpainaren eta herriko dendarien inguruan hitz egin dute Ikusi Makusiko Maugi Rojok eta Ibai-Mendi kirolakeko Koldo Alkortak.
Azkeneko asteetan herriko komertzioaren egoera salatu duzue, hainbat gutunen bidez. Zein da, zehazki, egoera hori?
Arazoa da, hain justu, kontsumoa herritik joaten ari dela. Guk herria bizirik nahi dugu, eta zentzu horretan, jendea ez da konturatzen kontsumoa kanpora ateratzeak zer suposatzen duen. Gainera, ez da hori bakarrik, gure herriko mostradoreen atzean lanpostuak daude, baina baita familia osoak ere.
Hori da, hain zuzen, gure aldarrikapenen muina: lanpostuen defentsa eta herria bizirik mantentzeko nahia.
Izan ere, horrela jarraitzen badugu, lo egiteko herri batean bilakatuko gara.
Eta zuen ustez, zein dira egoera horren arrazoiak?
Egoera honetara sistemak berak bultzatu gaitu. Hau da, azken urteotan ohiturak asko aldatu dira: Interneteko erosketak urtero portzentai haundi batean igotzen dira, saltoki haundiak hor daude...
Horren aurrean, guk dioguna da beste arlo eta gauza batzutan kontsumo arduratsua eskatzen bada, honetan ere, gauza bera egin beharko genukeela.
Gainera, esan beharra dago, kontsumo mota honek lanpostu prekarioak sortzen eta bultzatzen dituela.
Azken finean, kontuan izan behar dugu orain gertatzen denak gure gazteentzako belaunaldietan ere, eragina izango duela: zer etorkizun nahi dugu beraientzat? Zer-nolako gizartea nahi dugu?
«Orain gertatzen denak gure gazteen belaunaldietan ere, eragina izango du: zer etorkizun nahi dugu beraientzat?»
Herritarrok kontziente al gara egoera honetaz?
Bai, denak oso kontziente gara; jendeari komentatzen diogunean, orokorrean ulertzen gaituzte. Baina batzuetan, ez gara kontziente keinu txiki batek zer nolako eraginak edo ondorioak izan ditzakeen.
Dena den, konturatu behar gara egoera haratago dijoala, eta zirkulu bat dela: dendek behera egiten badute, tabernek ere bai, baita inguruko enpresek ere.
Horrez gain, guk eskaintzen dugun tratu pertsonalizatua ere balioan jartzekoa da; Internetentzat zenbaki bat besterik ez da eroslea; gurekin, ordea, gertuko tratua dago, pertsonen arteko harremana.
Komertzioak herriari bizitza ematen dio, eta ez hori bakarrik, eragin ekonomikoa ere badauka, izan ere, zergak kanpora bideratzen dira beste modu batera erosita.
Eta orduan, besteok zer egin dezakegu?
Keinu txikiak egitea behar beharrezkoa da. Azken finean, bakoitzak bere tamainan gure ardurak dauzkagu, eta konturatu behar gara, denak eragiten duela.
Behin eta berriz errepikatu duzue galdera bat: Eta zuk, nolako Hernani nahi duzu? Zuek, nolako herria nahi duzue?
Denona eta denontzat den Hernani bat nahi dugu, herri bizi bat. Eta besteak beste, komertziorik gabe, herriko bizitza galdu egingo litzateke. Zuzeneko harremanak dituen herri bat nahi dugu, eta ez pantalla baten atzean dagoen herri bat.
Badakigu herrian erosteko oztopoak badaudela (aparkamendua, kasu), baina uste dugu denon artean konpondu behar ditugula. Zentzu horretan, denontzako herri bat nahi dugu, denon artean egindakoa.