EPOn ikasketak bukatu zituztela 50garren urteurrena ospatzeko bazkari bat antolatu zuten pasa den larunbatean, 1967an ikastetxetik irten zirenek. 1966-67 ikasturtea izan zuten azkenekoa, Delineatzaile adarretik 3garren ofizialtzako ikasleek, eta horiexek elkartu ziren mahaiaren bueltan. Izan ere, ordutik 50 urte pasa diren honetan, urteurrena ospatzeko momenturik egokiena zela iritzi zioten.
27 ikaskide elkartu, eta hildakoak oroitu
33 ikasle zeuden deituak eta 27 biltzea lortu zuten. Tilosetako eskaileretan argazkia atera ondoren, Errioguarda jatetxera joan ziren bazkaltzera. Aipamen berezia merezi dute, zoritxarrez, hil diren zortzi ikaskideek: Inaxio Apezetxea, Jose Manuel Aramayo, Juan Ramón Caizan, Ramón Calvo, Rafael Celarain, Fernando Landazuri, Ignacio Maria Ocio eta Maria Pilar Setien.
Eta gertatzen diren kasualitate eta ustekabeak; Errioguardara hurbiltzen ari ziren bezala, ezagutu eta berriketan geratu ziren EPOren sortzaileetako batekin, Cruz Etxeandia hernaniarrarekin. Izaskunekin ezkondua eta bere 60garren ezkon urteurrena ospatzen ari zena, bere sendiarekin. Zorionak.
Topaketa hunkigarria izan zen protagonisten arabera. Urte haietan bizitako pasadizoak gogoratu zituzten eta 50 urte eta gero ikusi gabe zituzten kideekin elkartzeko aukera ederra izan zen. Gero bazkari dotorea, giro ezin hobean, dastatu zuten.