Hitzaldia eskainiko du bihar, kultur etxean, Aloña Bracerasek, Alboan GKEko hezkuntza teknikariak. Zilegi Eskolen barruan, teknologiaren alde ilunari buruz ariko da Braceras, Udaleko Euskara sailak eta AEK euskaltegiak antolatuta. Arratsaldeko 18:30etan izango da, Fairphone izenburupean.
Bertan, Bracerasek azalduko du, zer dagoen teknologia berriak egiteko prozesuaren atzean: «teknologia garatzeko erabilitako mineral asko, Kongoko Errepublika Demokratikoan ustiatzen ari dira, baldintza gogorretan, eta bertan sortutako gatazkak eragin du hildako gehien, Bigarren Mundu Gerraz geroztik; bost milioi herritar», azaldu du.
Euskadiko eta Nafarroako jesuiten GKEa da Alboan, garapenerako kooperazioa bilatzen duena; eta hain zuzen ere, Kongoko Errepublika Demokratikoa da, Alboanek laguntza ematen duen herrialdeetako bat.