Oso bestelako asteburua izan zuten txirrindulari astigartarrek, zentzu guztietan, alebin eta kadete mailetan. Gazteenak mendiko bizikletarekin aritu ziren Pasaian, eta baita emaitza onak lortu ere. Kadeteek, ordea, errepidean jarraitu zuten Lezon, eta zorterik ez zuen izan Telmo Semperenak, Ertzaintzaren eta antolatzaileen akats batek utzi baitzuen garaipenaren lehiatik kanpo.
Astebetez errepidea utzita, mendiaz gozatu zuten Ulian barrena, larunbatean, alebinek. Ibilbide zaila izan zuten, igoera gogor batekin eta jaitsiera teknikoarekin, baina bikain moldatu ziren astigartarrak.
Eneko Indo izan zen herritar onena, 8garren, eta segidan sartu zen Aimar Olasagasti ere, 9garren. Beste hiru ere sartu ziren aurreneko hogei postuetan: Eneko Oliveira 12garren, Aketza Bolado 15garren, eta Tasio Semperena 16garren. Azkeneko bi astigartarrak ere, primeran aritu ziren: Beñat Otaegi 27garren sartu zen, eta Unax Aranburu 28garren.
Bukaeran, merendola bat egin zuten, eta oroigarri bana eman zieten antolatzaileek.
Nahasmena, kadeteen Gipuzkoako Txapelketan
Gipuzkoako Txapelketa zeukaten jokoan kadeteek, Lezoko lasterketan, igandean. Tropelak hasieratik kontrolatu zituen ihesaldiak, aukerarik eman gabe, eta Oiartzungo azkeneko igoeran hasi zen garaipenerako lehia. Hiru txirrindularik egin zuten ihes, eta tropela talde txikitan zatitu zen. Jaitsiera azkarrean, bigarren taldetxoan zegoen Telmo Semperena, beste bi txirrindularirekin, eta bost segundu eskaxera zeuzkaten iheslariak, bi kilometro falta zirenean.
Baina orduan, nahasmena izan zen protagonista. Errotonda batean, aurreko kotxeak bide zuzenetik joan ziren arren, Ertzaintzaren motorrak bide okerretik eraman zuen lasterketa burua, N-1 errepidera. Semperenak, bukaera ezagutzen zuenez, bide zuzenetik jo zuen, baina bidegurutzeko boluntarioek, zalantza egin zuten, bukaera aldatu ote zen, eta oihukatu zieten buelta eman eta aurrekoen bide berdinetik jarraitzeko. Ordurako, aukera guztiak galdu zituzten, eta haserre iritsi ziren helmugara, txapelketa lehiatzeko aukera kendu zietelako; 35garren izan zen Semperena, dagoeneko lehia ahaztuta.
Tropela osorik sartu zuten N-1etik, trafiko guztiarekin, bi kilometrotan zehar, bizikletentzako debekatua dagoen toki batean: gidariak bozina jotzen, txirrindulariak bide bazterretik joanarazten... Zorionez ez zen ezer gertatu, egoera arriskutsu horretan.