Ondo ekin diote Astigarragako pelotariek, aurten ere, Herriarteko Txapelketari. Zumaiaren kontra jokatu dute aurreneko kanporaketa, final zortzirenetakoa, eta nagusitasunez egin dute aurrera: hirutik bi partidu irabazi bazituzten joanekoan, Zumaian; bueltakoan plenoa egin zuten Astigarragan, joan den ostiralean: hirutik hiru, eta final laurdenetara pasea.
Oso alde jarri zuten kanporaketa astigartarrek, etxetik kanpo bi partidu irabazi ondoren: Urdangarin eta Zapiain kadeteek 22-16, eta Loidi eta Santxez nagusiek 22-3. Soilik Expositok eta Olarrak galdu zuten, jubeniletan (9-22).
Baina etxean, zaleen aurrean, jubenilek ere buelta eman zioten porrota horri, eta hiru garaipenak geratu ziren Astigarragan, modurik onenean egiteko aurrera: 22-10 nagusitu ziren Urdangarin eta Zapiain, 22-13 Exposito eta Olarra, eta 22-2 Loidi eta Santxez. Beraz, guztira 5-1 nagusitu dira astigartarrak, kanporaketan.
Oiartzun kontrario gogorra, final laurdenetan
Horrela, final laurdenetan da Astigarraga dagoeneko. Bertan, Oiartzun izango du aurrean, txapelketa irabazteko faborito nagusietako bat. Baina ez dira beldurtuko astigartarrak, eta erakutsi nahiko dute, zergatik iritsi ziren finalera iaz.
Astigarragan jokatuko dute joanekoa, ostiral honetan bertan; Txomiñene frontoian, arratsaldeko 19:30etan hasita.