Hernani Erabaki parte-hartze prozesua bigarren fasean sartuko da gaur; orain arte egindako proposamenak lehenesteko lau saio egingo dira gaurtik ekainaren 11ra bitartean.
Aurreneko saioa gaurkoa izango da, 18:00etan udaletxean, eta gai hauen inguruan egin diren proposamenen artean jarriko dira lehentasunak: Parkeak eta Espazio Publikoak, Herri Lanak, Zerbitzu Publikoak eta Hirigintza.
Hurrengo saioak asteazkenean, ekainaren 5ean eta ekainaren 7an egingo dira, eta bakoitzean, gai jakin batzuen inguruko proposamenez aritu beharko da.
Ahalik eta herritar gehienen ongizatea, helburu
Saio ireki hauetan parte hartzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen prozesua dinamizatzen duen Aztikerreko teknikariak, joan den astean orain arte jasotako proposamenen aurkezpena egin zuenean.
Proposamenak lehenesterako orduan, irizpide batzuk jarraituko direla ere azaldu zuen: aurretik inbertsiorik jaso ez izana, ingurumena babestea, herritarren egunerokotasuna erraztea, kostu eta onuraren arteko oreka, onuradun kopurua, proposamena egiterakoan hainbat kolektibo inplikatu izana, adin jakin batekoei bideratuta egotea (jubilatuei, gazteei...), behar bereziak dituzten kolektiboei erantzutea eta eremu bat indartzea (berdintasuna, behar bereziak...).
Egin diren 500dik gora proposamenen artean gehienak, 130, mugikortasunari lotutakoak izan dira.
500dik gora proposamen
Parte-hartze prozesuaren aurreneko fasean 204 lagun edo taldek egin dituzte proposamenak; guztira, 533. Horietatik 69, auzoz auzo egin diren bederatzi saio irekietan; beste 304, postontzietan; eta beste 160, internet bidez.
Proposamen gehien, 130, mugikortasunari lotutakoak izan dira: aparkalekuei buruzkoak, 20; bide segurtasunari lotuak, 28; oinezko bideen ingurukoak, 28; trafikoaren gainekoak, 36; garraio publikoaren bueltakoak, 11; bizikleten inguruan, 10; eta errepideei buruzkoak, 5.
Segidan, proposamen gehien jaso dituzten gaiak izan dira: Parke, Plaza eta Espazio Publikak (71); Herri Lanak (57); Hondakinak (47); Jarduera Fisikoa eta Kirolak (46); Irisgarritasuna (26); Ingurumena (22); Kultura (22); Gizartegintza (8); Argiztapena (8); eta beste hainbat.
Hainbat gai, gaurko saioan
Gaurko saioan lehentasunak jarri beharko dira Parke eta Espazio Publikoen, Herri Lanen, Zerbitzu Publikoen eta Hirigintzaren inguruko proposamenen artean.
Besteak beste, proposamenak egin dira banku gehiago jartzeko, tren geltokitik Atzietasera dijoazten eskailerak berritzeko, gainbeheran dauden industrialdeak berpizteko, parkeetan egurrezko mahai eta eserlekuak jartzeko, edota Atsegindegin pareta finko batzuk jartzeko.
PROPOSAMENAK LEHENESTEKO SAIOAK
-Gaur, 18:00etan udaletxean. Gaiak: Parkeak eta Espazio Publikoak, Herri Lanak, Zerbitzu Publikoak eta Hirigintza.
-Maiatzaren 31n, 18:00etan udaletxean. Gaiak: Ingurumena, Hondakinak, Energia Argiztapena, Herri Segurtasuna eta Jarduera Fisikoa eta Kirola.
-Ekainaren 5ean, 18:00etan Biterin. Gaiak: Haurrak, Nerabeak eta Gazteak, Aisialdia, Kultura, Ondarea eta Musika, Gizartegintza, Bedintasuna, Auzoetako beharrak, Merkataritza, Turismoa eta Komunikazioa.
-Ekainaren 7an, 18:00etan Biterin. Gaiak: Mugikortasuna (Trafikoa, Aparkalekuak, Errepideak, Oinezko Bideak eta Bizikletak) eta Irisgarritasuna.