Angel Olaranekin eta Axular Lizeoarekin lankidetzan, proiektu bana Lanbide Heziketak

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 27a, 02:00

 

Wukro

«Makinei irteera duina eman nahi genien»

Azkeneko bi ikasturteetan ‘Mantenu elektromekanikoa’ ikasten ari direnek konpondutako 7 makina-erreminta bidaliko dituzte Wukrora; otsailean iritsiko dira hara.

Nola sortu zen Angel Olaranekin hasi berri duzuen lankidetza?
Duela hiru urte, Retrofiting proiektua jarri genuen martxan. Teknika ezagun honi esker, makina zahar bat desmontatu, egokitu eta martxan jartzen da. Bigarren mailako Mantenu Elek­tro­mekanikoko zikloaren aurreneko promozioarekin hasi ginen irakasgai praktikoetan teknika hau lantzen, eta aurtengoa hirugarrena da. 
Bi ikasturte oso pasa ondoren, dagoeneko badauzkagu zazpi makina prest, eta horiei irteera duina eman nahi genien. Orduan gogoratu ginen Angel Olaranekin, eta urrian jarri ginen berarekin berarekin harremanetan.

Eta zein da Olaranekin jorratutako irtenbidea?
Angel Olaranek eskola bat sortu zuen Wukron, St Mary’s College, eta bertan, lanbide heziketa lantzen dute. Horre­gatik, eskola horretara bidaliko ditugu zazpi makina-erraminta horiek, han­go ikasleek erabili ditzaten.

Etorkizunerako elkarlana izango da?
Esan beharra dago, ez dugula lankide­tza-akordiorik sinatu, baina azken finean, bi aldeetatik dagoela elkarlanerako gogoa. Makinak bidaltzea au­rreneko fa­sea besterik ez da izango, eta beste hainbat ere aipatu ditugu Ola­ranekin berarekin. Esaterako, St. Ma­ry’s Collegeko irakasleekin harremana edota hemengo Lanbide Hezi­keta Eskolekin hitz egin eta gaizki dauz­katen makinak konpondu, eta, behar ez dituzten kasuetan, Wukrora bidal­tzea. Baina hori aurrerago izango da.

Beraz, Olaranek eskuak irekita hartu zuen proposamena, ezta?
Bai, noski. Eta gainera, beste hainbat proiektu eskaini zizkigun! Azaldu zigun ikastetxe nagusi bat ireki nahi duela eta eskertuko lukeela gure laguntza. Eta baita ere, Wukroren inguruan dagoen kartzela bateko emakumeak etorkizun duina izan dezaten, ileapaindegi bat ireki nahi du, eta horretarako ere, gure laguntza nahi du, alde teknikoa lantzeko. 

Cansat

«Axularrentzat zentrifugagailua diseinatu eta eraikiko dugu» 

Cansat Lehiaketan hartuko du parte datorren urtean Donostiako Axular Lizeoak, eta beren sateliteak probatzeko, laguntza eske jo du Lanbide Heziketara.  

Axular Lizeoaren deia jaso zenuten duela hilabete batzuk. Zehazki, zein izan da beraien eskakizuna?
Axular Lizeoak Cansat Lehiaketan hartuko du parte; Europako Agentzia Es­pa­zialak sortutako lehiaketa da, batxilergoko ikasleei zuzendutakoa. Parte hartzeko, ikasleek freskagarri lata baten tamaina eta pisua duen satelite bat diseinatu eta eraiki behar dute; eta ondoren, suziri baten laguntzaz, kilometro bateko altueratik bota eta eror­tzen denean, hainbat parametro neurtu beharko dituzte.
Erronka zaila da, izan ere, botatzean indar haundiak jasan behar ditu sateliteak, eta beraz, erraz hondatu daiteke; horregatik, aurretik probak egin beharrean daude. Eta hor dago Lanbide Heziketako ikasleen aurreneko lana: 20Grainoko indarrak sortzen dituen zentrifugagailu bat diseinatu eta eraiki beharko dute. 
Horrekin G indarra probokatzen da, eta simulazioa egiten laguntzen du. Guztiz berria izango da gailu hau; beste herrialdeetan ez da egin.
 

Eta nola egingo duzue hori?
Aurten, zentrifugagailuaren diseinua Fabrikazio Mekanikoen diseinua zikloan egin dute; eta datorren ikasturtean, Meka­nizazioa zikloan, eraikiko dituzte piezak. 
Diseinu egokiena aukeratzeko, aurtengo ikasleek bost proposamen desberdin aurkeztu dituzte, eta horietatik bat aukeratu da. 

Baina ez da hori Cansat lehiaketan izango duzuen zeharkako partehartze bakarra, ezta?
Ez. Izan ere, beste eskaera bat ere jaso dugu. Badirudi suzirietako bat egingo duen talde bat jabetu dela guk egingo dugula Axular Lizeoaren zentrifugagailua, eta beraiek ere laguntza eskatu digute. 
Kasu honetan, jaurtiketa egiteko suziriaren barnean dauden bi pieza diseinatu eta eraikiko ditugu: konbustio kamera, suziriaren depositoa dena, eta tobera, hau da, suziriaren sua ateratzen duena, ihes-hodi bezala ezagu­tzen duguna. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!