Jon Alberdi eta Aitziber Ibarbia gipuzkoarrak, azkarrenak Goizutrail mendi lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 27a, 02:00

Pasa den astean 4garren Goizutrail arrakastatsua ospatu zen 200 korrikalari baino gehiagorekin eta gipuzkoarrek lortu zituzten lehen postuak lasterketa denetan. Denera 200 korrikalarik bukatu zituzten lasterketak, 107k luzeena eta 93k laburrena. Luzeena egiten azkarrenak Zestoako Jon Alberdi eta Zizurkilgo Aitziber Ibarbia izan ziren eta laburrena egiten Arrasateko Iñigo Alzola eta Hernaniko Ana Rodriguez. Podium gehienak Gipuzkoako korrikalariek osatu zituzten.
Aitziber Ibarbiak eskarmentu asko du honelako lasterketetan eta lehen aldiz zen partehartzen zuena. Bere iritziz «ibilbide ederra du lasterketak eta nahiz eta lanbroak ibilbide guztia ikusten ez utzi gozatu dut. Berriz ere bueltatuko naiz. GPSan ibilbidea zein den geratu da eta itzuliko naiz». Bihar Zegama-Aizkorri ospetsuan par­te hartuko du  eta Goizutrail­ek bere egoera fisikoa ezagutu eta konfidantza berreskuratzeko balio izan dio. 
Azken bi edizioetan bezala, bi ibilbide izan zituzten aukeran, 25 kilometrokoa eta 10 kilometrokoa. Jon Alberdi zestoarrak 2 ordu 17 minutu eta 8 segundo behar izan zituen ibilbide luzea burutzeko; Beraste­­giko Iban Agirrezabala izan zen bigarren (2h17:25) eta Zumaiako Jokin Guijarro hirugarren (2h20:27). Lehen bi sailkatuen artean 17 segundoko aldea bakarrik egon zen eta emozioz betetako lehia estua azken unerarte ez zen erabaki.
Herriko korrikalariei dagokienez, Hodei Lujanbio goizuetarra izan zen azkarrena, hamalaugarren, sailkapen orokorrean (2:33:16). 
Emakumezkoetan, Aitziber Ibarbiak 2 ordu, 43 minutu eta 39 segundo behar izan zituen garaipena lortzeko, Getxoko Amaia Amantegi bigarren izan zen 13 segundora (2:43:52) eta Sarah Ugarte donostiarra hirugarren (2:47:54). Ez zen eskualdeko emakumerik izan ibilbide luzean. Mutilena emozioz beterik egon bazen zer esanik ez emakumezkoena. Oraindik ere alde txikiagoa egon baitzen.
Ibilbide laburrean, Iñigo Alzolak 51 minutu eta 56 segundo behar izan zituen, Iñigo Gu­rrutxaga donostiarrak 52 minu­tu eta 28 segundo eta Egoitz Izagirre oiartzuarrak 52 minutu eta 32 segundo. Xabier Apezetxea goizuetarra hemezortzigarren (1:00:47) sailkatu zen.
Emakumezkoetan, Herna­niko Ana Rodriguez gailendu zen (1:09:43), Arrasateko Ane Beraza (1:10:29) eta Azpeitiko Eneritz Aramendiren (1:10:54) aurretik.  Ane Zinkunegi goizuetarra izan zen eskualdeko emakume bakarra ibilbide laburrean (1:25:27).

Ereñotzun ere 200 korrikalarirentzako lekua
Goizuetako mendi lasterketa eta Zegama Aizkorri haundiaren ondoren Ereño­tzuko VII. Mendi Lasterketa dator. Ekainaren 4ean ospatuko da eta maiatzaren 31ra bitartean irekita egongo da izena emateko epea, Ibai Mendin eta www.kirol­pro­bak.com­ webgunean, 8 euroan. 200 korrikalarirentzako dago lekua.
San An­to­nio jaien bueltan korrituko da, eta dor­tsalik geratuz gero, or­duan ere izango da aukera izena emateko, 10 euroan. Era berean, egun horretan, 5 eta 11 urte bitarteko umeentzako lasterketa ere egingo da.
Umeen lasterketan parte hartzen duten guztiek jasoko dute oroigarriren bat, eta ez da irabazlerik izendatuko.
Helduenen kasuan, berriz, hiruna sari emango dira gizon eta emakumeen kategoriatan, eta hainbat opari ere zozketatuko dira. Horrexe­ga­tik, eskerrak eman nahi izan dizkiete beren ekarpena egiten dutenei. 

SAILKAPENAK

- Gizonezkoak:
1. Jon Alberdi 2h17:08.
2. Iban Agirrezabala 2h17:25.
3. Jokin Guijarro 2h20:27.

- Emakumezkoak:
1. Aitziber Ibarbia 2h43:39.
2. Amaia Amantegi 2h43:52.
3. Sarah Ugarte 2h47:54. 

- Gizonezkoak Motza:
1. Iñigo Alzola 51:56.
2. Iñigo Gurrutxaga 52:28. ­­
3. Egoitz Izagirre 52:32.

- Emakumezkoak Motza:
1. Ana Rodríguez 1h09:43.
2. Ane Beraza 1h10:29.
3. Eneritz Aramendi 1h10:54.

 

 

Argazkiak: Felix Loiarte

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!