Badirudi dagoeneko errekuperatu dela Telmo Semperena astigartarra duela hilabete batzuk jasandako lesiotik. Eta hala erakutsi zuen aurreko igandean Ataun-Aiako VIIgarren Sarian, bigarren postua lortuta.
Ekain Jimenezekin borroka, hasieratik
48,5 kilometroko ibilbidea osatu beharra zeukaten kadete mailako txirrindulariek, eta hasieratik izan zen aurrean Telmo Semperena. Irteera eman bezain pronto, gogor erasotu zion Allerruko Ekain Jimenezek.
Ondoren, lau txirrindularien taldetxoaren barruan, aurrea hartu zuen Semperenak, eta pelotoiaren aurretik minutu eta erdira jartzea lortu zuten.
Horrela iritsi ziren, hain zuzen, azkeneko igoerara, Aia auzoan kokatuta zegoen helmugara zijoana.
Hortik aurrera, Ekain Jimenezekin izan zen aurrez aurre, izan ere, Telmo Semperenak bazekien, azkeneko sprintean, Jimenezek aurrea hartuko ziola, beraz, gogor egin zuen.
Orduan, Semperenak bere erritmoa inposatu zuen, eta Jimenezek hari jarraitzea besterik ez zuen. Sprint momentua iritsi zen arte: Semperenaren atseden txikia aprobetxatu eta Jimenezek gailentzea lortu zuen.
Errenteriako Saria, txikienak
Alebin eta infantil mailakoek, aldiz, Errenteriako Saria jokatu zuten. Aimar Olasagasti izan zen astigartar azkarrena, seigarren izan zen. Tasio Semperena eta Aketza Bolado, aldiz, 13garren eta 16garren izan ziren, hurrenez hurren.
Zita bana, gaur eta bihar
Asteburu honetan, aldiz, Pasaian izango dira gaztetxoenak gaur, eta Lezon, kadete mailakoak, bihar.