Martxan da, beste behin, aurrekontu partehartzaileen prozesua, eta aurten, 100.000 euro jarriko ditu Udalak herritarren esku, «Astigarraga hobetzeko», azaldu du udal gobernuak prentsa-ohar bitartez.
Horretarako, aurrena proposamenak bilduko dituzte, ondoren horiek guztiak aztertu eta herritarrei aurkezteko.
Eskuorriak, etxeetara
Proposamen horiek aurkeztu ahal izateko, eskuorriak banatu zituzten atzo herriko etxe guztietan. Ebakigarriak izango dira, eta bertan idatzi ahal izango dute astigartarrek «zertan inbertitu 100.000 euro horiek».
Proposamenak, etzitik Eskuorriak dagoeneko banatu badira ere, etzitik aurrera entregatu ahal izango dira, Udalak horretarako jarriko dituen buzoietan. Oraingoz bost toki zehaztu dituzte: Udaletxea bera, Kultur Etxea, anbulategia, kiroldegia eta zaharren egoitzan jarriko dituzte.
Ekainaren 12ra arte izango da aukera proposamenak aurkezteko.
«Astigartarrak izango dira erabaki ahal izango dutenak zertan inbertitu aipatutako diru kopuru hori»
Astigartarren esku, azkeneko erabakia
Behin epea bukatuta, jasotako proposamenak jaso eta aztertuko ditu Udalak: «ondoren, astigartar guztiei aurkeztuko zaizkie teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak diren proiektuak», zehaztu dute Udaletik.
Fase hori burutzean, eta proiektu guztiak ezagutzen direnean, herritarren esku utziko dute aukeraketa: «astigartarrak izango dira erabaki ahal izango dutenak zertan inbertitu aipatutako diru kopuru hori».