«Etxeko karrera da Ereñotzukoa, eta beste ilusio batekin zoaz»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 27a, 02:00

Denak harritu zenituen iaz Ereñotzun, bigarren postu horrekin. Zuk espero zenuen?
Ez ez, inondik inora. Banekien ondo ari nintzela entrenatzen, talde guztiaren lana dago ho­rren atzean. Eta karrera ona atera zitzaidan, oso gustora ge­ratu nintzen, baina bigarren postua lortzea...

Zer sentitu zenuen, karreran zehar eta helmugan?
Lasterketan zehar nahiko su­fri­tu nuen, baina bukaera aldera, ikusita postua mantenduko nuela, izugarrizko poza sentitu nuen. Gainera hemen Ereño­tzun, etxean, horrelako postu bat lortzea izugarria da. Aitari ere, bera ereñotzuarra izanda, se­ku­lako ilusioa egin zion.

Eta aurten, zer helbururekin aterako zara?
Dena ematera aterako naiz, baina postuetan ezin da asko pentsatu, auskalo zein etorriko diren lasterketara...

Baina faboritoetako bat izango zara...
Ez, ez dut uste, hori ezin da inoiz jakin. Oraindik oso gaztea naiz, eta distantzia luzeagoak luze egiten zaizkit, baina horrelako lasterketa motz eta gogorretan gustora nabil. Bai­na jendeak ez du huts egiten!

Ereñotzukoa da tankera horretakoa, zuretzat egokia.
Bai, lasterketa berezia da, oso karrera gutxi daudelako ho­rren motzak eta aldi berean horren gogorrak direnak. Norma­lean, gogortasun gutxiago izaten dute lasterketa motzek. Nik, entrenatu ere hor egiten dut, eta etxeko karrera da niretzat.

Bidea ondo ikasia daukazu, beraz... Deskribatu ibilbidea.
Hasiera dauka izugarri gogorra, eta hor kontrolatzen jakin behar da. Izugarrizko aldapa igota hasten da lasterketa, eta pista batera iritsi, eta badirudienean atseden pixka bat da­to­rrela, gora begiratu eta han­txe ikusten duzu antena, beste aldapa izugarri batekin. Gora iristean bai, hankak askatu ditzakezu pixka bat, eta hiruzpalau kilometro egiten dituzu gorabeheratsuak, aldapa txiki­ekin. Gero, Urda­buru puntara iristeko dago beste igoera gogor bat, nahiko luzea egiten dena. Eta jaitsiera, hasiera behin­tzat, esango nuke nahiko teknikoa dela. Pentsa, bederatzi kilometrotan igotakoa, hiru kilometrotan jaisten duzu! Dezente exijitzen duen karrera da.

Giroa ere polita izaten da...
Bai, sekulako giroa izaten da. Eta nire kasuan, aita Ere­ño­tzu­koa izanda, jendeak ezagu­tzen nau, eta asko animatzen naute. Horrela, beste ilusio ba­tekin sartzen zara helmugara.

Ereñotzukoa izan zen zure aurreneko mendi lasterketa, orain bi urte.
Aurretik hiru kilometroko bat egina nuen Pasaian, baina bes­tela bai. Entrena­tzailea­ri esan nion mendia asko gusta­tzen zaidala, asko ibili izan nai­zela gurasoekin txiki-txikitatik, eta zergatik ez nuen probatzen Ere­­ñotzukoa, etxekoa eta polita. 15 urte neuzkan, eta oso oso pozik geratu ginen egindakoarekin, entrenatzailea eta biok (6garren izan zen).

Etxetik datorkizu mendirako afizioa, beraz?
Bai bai, aitari betidanik gustatu zaio mendia. Zegama-Aiz­ko­rri ere eginda dauka, eta orain gutxiago dabil, baina Ereño­tzukoa egin izan du. Hala ere, beti aita esaten da, baina ama ere, gaztetan korrikalaria zen. Eta txikitatik beti eraman izan naute mendira, ohitura ge­nu­en, eta nik gustua hartu nion.

Iaz Euskal Herriko selekzioak deitzea ere, sorpresa izango zen...
Bai bai. Normalean hartzen dituzte Euskadiko Txapelke­tan aurrean geratutakoak, eta gai­nera denboraldia hasita zegoen. Nik, berriz, neure kaxa egin nuen Zegama-Aizkorri juniorra, eta horren ondorioz deitu zidaten, lasterketa pare bat egiteko haiekin. Horrek aukera eman dit toki desberdinetara joateko, lasterketatara.

Aurten ere jaso duzu deia.
Bai, hautatzaileak mezu bat bidali zidan, nire asmoen berri jakiteko. Eta zalantzarik gabe esan nion baietz, selekzioarekin aritu nahi nuela. Urteko lasterketak zein izango ziren azaldu zidan, eta garran­tzitsuena uztaila bukaeran izango da, Andorran, junior mailako Munduko Txapel­ke­ta. Urteko aurreneko lasterketa Tres Vallesen egin genuen, Salamancan, eta irabazteko zortea izan nuen.

Presio puntu bat jartzen dizu selekzioarekin aritzeak?
Beraiek izugarrizko konfian­tza jartzen dute zuregan, eta ez dizute esaten zer egin behar duzun. Onena emateko eta disfrutatzeko eskatzen dizute. Baina zuk, zure buruari jar­tzen diozu presioa: ‘Selekzioak deitu banau, maila eman beharko dut’...

Krosekin uztartzen dituzu mendi lasterketak.
Hala da. Irailean hasten naiz kros denboraldia prestatzen, eta krosak egiten ditut. Eta ho­rrek sekulako oinarria ematen dit, indarrez bai, baina batez ere erresistentzia aldetik. Eta gero datoz mendi lasterketak. Zentzu horretan, sekulako zor­tea daukat, ez dutelako koinzi­ditzen! Hasieran indar falta pixka bat nabaritzen dut men­dian, baina azkar hartzen dut.
Asfaltoan, berriz, oso lasterketa gutxi egin ditut; baina entrenatu, gehiena asfaltoan. Beti esaten dut belarra gustokoago dudala; baina zalan­tzarik gabe, asfaltoa ere beharrezkoa da entrenatzeko.

Ametsetako lasterketa?
Zegama-Aizkorri. Nik juniorra egin dut, eta gozada bat da. Karrera osoan sufritzen zo­az, baina bat-batean, herrian sar­tzen zara, kale estu batetik, eta jende guztia builaka eta txaloka, animatzen. Izugarria da. Herrian sartzen zaren momen­­tuan, lasterketa bukatu duzu, hortik helmugara jendeak era­maten zaituelako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!