Urteko Batzar Nagusia egin zuen asteartean Dobera Euskara Elkarteak. 2016ko kontuak eta memoriak aurkeztu ziren aurrena.
Ondoren, 2017rako egitasmo berriak aurkeztu ziren. Dobera Euskara Elkarteak, argitaratzeko puntuan dauka Oilar Txikia, Ipuin Faktoria saileko lan berria. Era berean, Euskara Ari Duren bueltan, ekimenak urte osora zabaltzeko asmoa agertu zuen; horrela, Zinea Euskaraz izeneko hiru saio antolatu ditu dagoeneko.
Kronikak, bere aldetik, irakurle gazteen segmentua indartzeko proiektuak aurkeztu zituen; tartean, hilean behin argitaratzen den umeentzako Plazan Bazan atala, eta Telesailetan adi(k)tuarena. Bestalde, plan estrategikoa garatzen segitzen du, eta kudeaketa sistemak ere automatizatzeko asmoa du; lanpostu berri bat ere sortu du arlo horretan. Agenda Bateratuarekin eta Urumeako gidarekin, berriz, bailarara zabaltzen segiko du, elkarteei ere kobertura haundiagoa emanez.
Logo eta webgune berria
Azkenik, Doberako logo berriaren aldeko botoa eman zuten bazkideek, eta webgune berrituak izango duen itxura ezagutu zuten.