Espainiako aurrekontuen negoziazioaren barruan, Astigarragan tren geltokia ezartzea adostu du EAJk PPrekin. Eta horren harira, iritzia plazaratu nahi izan du EH Bilduk: «tren geltokia estrategikoa da herriarentzat eta pozgarria da geltokia gertuago dagoela entzutea, baina EH Bilduk, euskal herritarrak eta astigartarrak hori lortzeko ordaindu beharreko ordain-saria gehiegizkoa izan daiteke».
Gainera, beren zalantzak ere azaleratu dituzte: «PPk eta EAJk hain sutsuki babesten duten AHTko lanetan egon diren atzerapen, ez betetzeak eta desadostasunak ikusita, geltokia egingo den eta epean egingo den zalantzak ugariak dira. Horregatik, EH Bilduk, orain arte bezala, inork tren geltokia albo batera utzi ez dezan lanean jarraituko du».
Aurreko legealdiko lana
Izan ere, EH Bilduk aurreko legealdiko lana nabarmendu nahi izan du: «gogorarazi behar da EH Bilduk aurreko legealdian egindako lanari esker, Astigarragan tren geltokia teknikoki eta ekonomikoki bideragarria zela egiaztatu zela». Horretarako, diote: «EH Bildu Eusko Trenbide Sarearekin bizpahirutan bildu zen eta Espainiako Sustapen Ministeriorarekin hartu-eman ofiziala bideratu zuen. Eta ondorioz, 2014ean, Ministerioak tren geltokia jartzeko aukera bazegoela onartu zuen».
«Geltokia egingo den eta epean egingo den zalantzak ugariak dira»
«Aurkari nabarmenak Madrilen eta Astigarragan izan ditugu»
Horren ildotik, EH Bilduk EAJk orain arte izandako jarrera salatu du: «EAJ oposizioan zegoenean, herriarekiko leial jokatu ez zuelako. Egungo Alkateak hitzez-hitz hurrengoa zioen: ‘Bilduren gobernua alperrik ari zaigu Astigarragako geltokiaren kokapen zehatzaz hitz egiten, ondo baitaki proiektua bera ameskeria hutsa besterik ez dela’. Beraz, esan daiteke Astigarragako aldiriko tren geltokiaren aurkari nabarmenenak Madrilen eta Astigarragan bertan izan ditugula eta politikoki komeni izan zaienean gaia martxan jarri dutela».
Mozioa, geltokiaren alde
Hori ikusita erabaki zuten aurreko azaroan mozio bat aurkeztea, Plenoak aho batez onartu zuena: «mozio honi esker, Astigarragak legealdi honetan ADIF eta Sustapen Ministerioarekin izan duen harreman ofizial bakarra bideratu da».