«Sagardotegian hasi eta bukatzen da, benetako txotxa»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 23a, 02:00

«Atsedenaren eta diber­tsi­o­a­ren arteko oreka» errekuperatzeko nahia azaldu dute beste behin Kaxkoko hainbat bizilagunek, bereziki, txotx denboraldiari begira. 
Azken hamar urtetan har­tu diren neurrien errepasoa egin, eta konpromiso gehiago eskatu dituzte. Era berean, herritarren proposamenak eta ekarpenak jasotzeko helbide elektroniko bat jarri dute martxan: kaxkoo­betu@g­mail.com.

«Ezin dugu itxoin»
Lehenago Ion Azpiazu Goñik Kronikako Jasota Bezala atalean argitaratutako iritzi testuarekin bat eginez, bizilagun talde honek 2006az geroztik hartu diren neurriak gogoratu ditu: Udalak egindako publizitate kanpaina, tabernariei emandako ikastaroa, udal­tzain kopurua haunditzea, Uda­la eta tabernarien arteko hitzarmena...
Hitzarmen horri dagokionez, bizilagunek azpimarratu dituzte «urtero haunditzea gaue­tako txandetako udal­tzain ko­purua, igandetan bost garbiketa langile gehiago izatea, eta sa­gardotegietara dijoaztenak ekar­tzen dituzten autobusen­tzako bi aparkaleku egokitu iza­na, Ibai Ondon eta Akarregin».
Horrez gain, gazteen alkohol kontsumoaren bueltan Udalak pasa den hilean ma­rtxan jarritako kanpaina ere aipatu dute.
Hala ere, diote neurriak ez di­rela nahikoak. «Neurriek ez di­­tuzte bizilagunak asetzen. Agi­an asetu direnak dira Kaxk­o bi­zilagun elkarteko zu­zen­da­ri­tza­ko kideak, Berriak elkartea eta Udala; legez, herriaren zain­tza eta kontrolaren arduraduna».
Era berean, gogorarazi dute Orain Hernanik esana: «txotx denboraldian Kaxkoan gerta­tzen dena ez da kultura». Hori guztia medio, adierazi dute: «10 urteren ondoren segitzen dugu esaten sagardotegian hasi eta buka­tzen dela benetako txotxa» eta «bizilagunok ezin dugu itxoin gure gonbidatuak berriro hezi arte, diber­tsioaren eta atsedenaren arteko oreka berreskuratzeko».

Eskaera, batzordea sortzeko
Gaur egun oraindik hainbat lege ez direla betetzen ere sa­latzen dute, eta honek guztiak ondorioak dauzkala; hala nola, «Hernani, Legerik Gabeko Herri bihurtu izana; segurtasun fal­ta; liskarrak; triskan­tzak; Kax­koko etxebizitzek balioa galtzea...».
Horrela, «lo egiten utzi diezagutela» eskatu, eta hainbat proposamen egin dituzte; besteak beste, Kaxko elkarteak gaia lantzeko batzorde bat sortzea edota Udalak ikerketa sozio-ekonomiko bat egin de­za­la. Proposamen gehiago ja­so­tzeko ere prest agertu dira. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!