Iberpapelek, Zikuñagako papeleran 180 milioi inbertitzeko asmoa erakutsi du egun hauetan; eta horren bueltan, kritiko azaldu da Eguzki, prentsa ohar baten bitartez: «%15 edo %20 haundituko omen da ekoizpena horrekin. Beraz, ekoizpen gehiago, baina noizko kirats gutxiago?», salatu du.
Eta gaineratu du: «sekulakoa da papelera horrek Hernanin, Astigarragan, Martutenen, Loiolan, Egian... eta oro har Urumea bailara inguruan aspaldi-aspalditik zabaltzen duen kiratsa, batez ere hego-haizeak jotzen duenean».
Gainera, nabarmendu dute ikerketa bat egin zela 2014an, Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren enkarguz, eta ondorioa «dudagabea» izan zela: «kiratsaren iturburua Zikuñaga paper-fabrika da. Emaitzak enpresaren esku geratu ziren, neurriak hartuko zituelakoan. Ez ditu hartu, ordea».
«Ekoizpena haunditzeko dirua baldin badauka, kiratsa gutxitzeko ere bai»
Horregatik, kezka azaldu du Eguzkik, kiratsa ere areagotuko ote den: «Iberpapelek ekoizpena haunditzeko dirua baldin badauka, kiratsa gutxitzeko ere eduki beharko luke. Enpresari eskatzen diogu neurriak hartzea, eta Jaurlaritzari eta Hernaniko Udalari, eta baita gainerako udalei ere, serio jarri eta kargu hartzea».