Iragarritako zazpi greba egunetan azkenekoa, ostiralean egin zuten Arcelor-Mittal enpresako langileek. Baina beste bi greba egun ere egingo dituzte, datorren astean, ostiralean jakinarazi zutenez. Kontzentrazioa egin zuten Zinkoenean, eta erreibindikatu zuten «negoziazio kolektiborako eskubidea eta langileon duintasuna».
Gogorarazi zuten, 17 hilabete daramazkitela zain, eta 7 egun greban, «oso oinarrizko gauzak eskatzeko: KPIarekin lotutako soldata igoera, eta gure baldintzak benetan beteko direlako bermeak, lan erreformen aurrean. Eskakizun horiek onargarriak dira enpresarentzat, multinazional sendoa izateaz gain, Hernaniko lantegian lan karga haundia eta emaitza bikainak lortzen baititu», azaldu dute.
Eta jakinarazi dute, zazpi egun greban egin ondoren, ez dutela zuzendaritzaren berri: «negoziaziorik gabe ezin da akordiorik lortu, eta gu gero eta irmoago gaude borroka honetan. Gatazka konpontzeko bide bakarra negoziazioari ekitea da, eta langileok prest gaude horretarako».