Pilotari bizia eta aurreko koadroetan abila dela diote, Iker Salaberria Orbegozo goizuetarra. Bere doai guztiak erakutsi berri ditu GRAVNI txapelketako finalean. Buruz burukoan txapela jantzi zuen eskuz banaka, Nafarroa ordezkatzen. Ogeta pilota plazan izan zuen zita garrantzitsua, Arabako David Uriberen kontra. Azkenean, erraz gailendu zen Salaberria goizuetarra, Uribe arabarrari 22-6 irabazita. 17 urterekin ibilbide luzea du aurretik eta hemendik aurrera txapelketa eta partidu ugaritan hartuko du parte.
GRAVNI txapelketako txapeldun eskuz banaka. Gustora egoteko moduan zaude.
Bai. Gustora nago emaitzarekin. Gainera pasa den urteko arantza atera dut. Azpitxapeldun geratu nintzen eta aurten irabaztea lortu dut.
Markagailua ikusiz gero, 22 eta 6, erraz irabazi zenuen. Espero, horrenbesteko abantaila egotea?
Inondik ere ez. Oso gustora jokatu nuen eta berak, berriz, ez zuen bere egunik onena izan. Uribe arabarra pilotari ona da eta egia esan uste baino errazago irabazi nuen.
Orain gutxi ere Zumarragako txapelketan irabaztea lortu duzu. Gauzak ongi ari zaizkizu irteten.
Horrela da. Aitor Gorrotxategi hernaniarrarekin jokatu nuen eta berarekin oso ongi moldatzen naiz. Lagun ona dut eta gauzak ongi irten zitzaizkigun.
Zenbat urte dituzu?
17. Oraindik bigarren urteko jubenila naiz. Aurtengo irailean pasatzen naiz nagusien mailara.
Zumarragan beraiekin jokatu zenuen. Nolaz?
Gonbidapenak egoten dira eta bertan jokatzeko aukeratu ninduten.
Orain txapelketen garaia da. Zer txapleketa dauzkazu buruan hurrengo asteetan?
Maiatzaren 20an Berria Txapelketa hasiko da eta udaran Antiguokoa ere jokatuko dut. Berria Txapelketa, Doneztebeko nire taldearekin jokatuko dut. Izango ditut partiduak han eta hemen, baina ikasketak ere tartean daude eta ikusiko dugu nola doan dena.
Zer ari zara ikasten?
Leitzako Amazabalen nabil batxilergoko bigarren kurtsoa ikasten. Eta hori amaituta, selektibitatea daukat. Datorren urtean unibertsitatean hasiko ditut ikasketak.
Erabaki al duzu zer ikasi unibertsitatean?
Enpresa administrazio eta zuzendaritza ikasiko dut Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatean.
Pilotari berriz helduta. Zer joko mota duzu gustoko?
Ez naiz aurrelari jotzailea. Nire joku mota gehiago da jokaldiak egitea, erasoa, eta batez ere, errematatzailea naiz. Orain arte behintzat joku horretan moldatu naiz hobekien.
Eta zer modalitate duzu gustokoen?
Lau t’erdia. Buruz burukoa ez hainbeste, nahiz eta GRAVNI irabazi. Eta noski, binakakoa ere oso gustokoa da.
«Profesionaletara iristeko ilusioa beti izaten da, baina azkenaldian enpresak ahaztuta daude nirekin»
17 urte dituzu. Pilotari bezala profesionaletara iristea pentsatu duzu edo ez dizu horrek lorik kentzen?
Profesionaletara iristeko ilusioa beti izaten da, baina era berean jakitun naiz gutxi iristen direla eta oso zaila dela. Egunero lana egin behar da eta ongi prestatu. Eta gainetik zortea ere alde eduki behar da. Enpresek antolaturiko entrenamendu batean izan nintzen, baina egia esan, azken denboran nirekin ahaztu dira.
Goizuetan aurrelariak gailendu dira. Hala suertatu da azkenaldian. Julen Salaberria, Aimar eta Asier Olaziola, Jon Apezetxea... Umore Ona hasi al zinen pilotan?
Bai. Aitarekin hasi nintzen. Gero nire adineko pilotari bakarra nintzen herrian eta Doneztebeko taldera joan nintzen; bertan jokatzen dut. Entrenatu, herrian egiten dut. Doneztebera joatea ez da erraza, urruti geratzen da. Bakarrik aritzen naiz. 45 minututan teknika lantzen dut eta gero, ordu erdian partiduren bat antolatzen dut.
Zure adineko bakarra zarela aipatu duzu. Goizuetan pilotarekiko tradizio haundia izanik, atzetik gehiago egongo dira ezta?
Bai, bai. Goizuetan beti daude pilotariak, eta gazteak beti hor daude frontoian Umore Ona taldearekin jokatzen.
Aimar, Asier edota Jon bezalako pilotaria haundiek laguntzen al dute?
Egia esan ez dira Goizuetan bizi eta hemendik gutxi ibiltzen dira gaur egun. Jon gehiagotan etortzen da.
Lehen aipatu duzu Berria Txapelketa berehala hasiko duzuela. Zer itxaropen dituzu?
Pasa den urtean txapeldun irten ginen eta aurten ere talde polita dugu. Helburua txapela errepikatzea da, baina ez da erraza izango. Mariezkurrenarekin jokatzen dut. Askotan jokatzen dugu elkarrekin.
Hortik aurrera, beste hainbat txapelketa ere bai.
Hala da. Herriartekoa ere hor dugu. Tolosan lau t’erdiko San Juan Txapelketa. Antiguokoa uztaila eta abuztuan jokatzen da eta 15 eguneko deskantsua ere hartuko dut. Udara festa garaia izaten da eta pilota partidu asko antolatzen dira, abuztura arte, behintzat.