Berdinekta. Hori erabaki zuten epaileek Txino auzoaren eta Goizueta herriaren arteko sokatira lehiaketan. Lehen aldiz Txinoko festetan antolatzen zen sokatira. Taldeen arteko tiraldien ostean sortu ziren tira-birak eta gero, erabakia enpate izan zen.
Hasiera batean garaipena Txinoko auzoari eman zitzaion. Umorea eta giro ona ez ziren falta izan ez sokatiran, ezta pasa den asteko ostiral eta larunbatean ere. Dragoiak sua piztu bai, baina jai giroa itzaltzea majo kosta zitzaien Txino auzoan.
Josu ‘Tximista’ eta ‘Bizen’ Callejon, musean
Unai Agirre eta Aitor Mendiluzeren bertsoekin ekin zieten festei, Zubiondo tabernan, ordubeteko saio bizia eskainita. Tabernako nagusiek zapela eta oroigarria ere eman zizkieten bertsolariei, batzuk urtero urtero etortzen direlako festa hasierako ekitaldi honetara, Mendiluze kasu.
Eta segidan, mus txapelketari egin zioten tartea bertan. Denetan onenak, eta arkume bana etxera eraman zutenak, Josu Narbarte ‘Tximista’ eta ‘Bizen’ Callejon izan ziren. 11 bikotek parte hartu zuten. Joan den urteko txapeldun ordeak, aurtengoan txapeldun izan ziren. Txapeldun ordeak, berriz, Euxtakito Zubieta eta Antonio Zubeldia izan ziren.
Txupinazo berezia Kontxi Billabonak
Aurtengo festa ere berezia izan zen, Zubiondo tabernak ateak itxiko baititu aurten. Omenaldi bat egiteko asmoz eta auzoaren eskertza eskaintzeko, Kontxi Billabonak txupinazioa bota zuen larunbata eguerdian, Zubiondo taberna kudeatzen duen Mitxelena-Billabona familiaren izenean. Aurretik haurren krosa antolatu zen eta ondoren, giro ederrean, egin zuten bazkaria ere, 150 bat lagunekin.
Herritar ugari bildu ziren break dance ikuskizuna ikusteko arratsaldez. Eta gauean ere Klaudion etxeko bajeran, urtero bezala montatutako tabernan kontzertua eta giro ederra izan zuten. Dragoia orain lokartu egin da, baina lasai, datorren urtean berriz ere indarrean esnatuko da eta.