2013-2015ean, EH Bilduk eskolaren handipen proiektu bat jarri zuen abian. Tarte horretan jolastokia handitu eta eraikinaren azken zatia egin zen jangela eskola barruan birkokatu eta sei ikasgela berri lortzeko. Gainera, eraikinari 4. solairu bat egiteko aukera aurreikusi zitzaion beste sei ikasgela izateko. Planifikazio hau Zuzendaritza eta Guraso Elkartearekin adostu eta hausnartutakoa izan zen.
«EAJk orain, eskolaren funtzionamendua ezagutu gabe, urte horietan egindako haundipena mespretxatu du. Jangela eta balio anitzetako gela egin ez balira beste sei ikasgela sartuko liratekeela adierazi dute gorritu gabe. Jakina! Eta komunak egin ez balira ere, beste bi ikasgela gehiago ere. EAJk hori adieraztean, jangela kiroldegi azpian mantendu behar zela esan nahi du? EAJrena ez baina gure lehentasuna umeak eskolatik ateratzeagatik arrisku egoerak ekiditea izan da».
«Lehen fasean 165 metro karratuko haundipen bat proposatzen dugu»
EH Bilduren prentsa oharrean adierazten da. «Balio anitzeko gelak, Eskolako zuzendaritza taldeak baieztatua, erabilera ugari eta ezinbestekoak ditu: antzerkia, talde dinamikak, bikote-lagun programa, erakusketak, proiektuen amaiera, irakasleen klaustro bilerak eta formazioa... Ba al daki EAJk legeak balio anitzeko gela bat izatea behartzen duela?».
«Hala ere, EAJk aretoa beharrezkoa ez dela uste badu, zergatik ikasgelak eskolatik ateratzea proposatu eta ez aretoa 3 ikasgela lortzeko egokitu?».
Handipen berria: txikien jangela haunditu eta lau ikasgela berri
EAJren proposamena gela batzuk eskolatik ateratzea da eta EH Bilduk hori akats larria litzatekeela uste du. Ikasleak ekintza bereziak (jangela, bikote-lagun) egitera eskolara itzuli beharko lirateke eta joan-etorri horiek ekar dezaketen arazo eta arrisku egoerak saihestu behar direla uste du EH Bilduk. Horregatik, EH Bildurentzat soluzioa eraikinean bertan aurkitu behar da. Proposamena lantzeko, EH Bildu eskolako zuzendaritzarekin bildu da eta dagoeneko ezaguna du proposamena. «Gainera, proposamen hau teknikoek begi-onez ikusi dute eta 50 herritarren aurrean aurkeztu zen».
Lehen fasearekin, EH Bilduk bi helburu ditu: txikien jangela haunditzea eta honekin, 2019rako beharrezkoa izango diren ikasgelak lortzea. Jangela txikian, espazio arazo larriak egongo dira eta hau konpontzeko EH Bilduk 165m2ko hiru solairuko handipen bat proposatzen du txikien jolasgunearen zati bat okupatuz. Behe oinean, jangela txikia haundituko litzateke eta gainontzekoa txikien jolastoki estalia izango litzateke. Beste bi solairuetan bina ikasgela egingo lirateke. Aurrekontu estimatua 500.000 eurokoa litzateke.
Matrikulazioaren eboluzioari baldintzatuta, EH Bilduk bigarren faserako aurreko legealdiko haundipenari 4garren solairua gehitzea proposatzen du. «Horrela, bi faseekin 10 ikasgela berri lortuko lirateke, Haur eta Lehen Hezkuntzako etapa osoan ikasgela berri bat gehiago bermatuz».
«2018-2019 ikasturterako jangela txikia haunditu eta 2019rako ikasgela berri bat lortu beharko lirateke eta epeak gainean daudenez», EH Bilduk Udalean proposamen hau aurkeztuko du. «EAJ izarrei begira dagoen bitartean, EH Bilduk hartu behar izan du konponbiderako ardura».
«Bigarren fasean lau solairurekin 10 ikasgela berri lortuko genituzke»
DBHrekiko konpromiso eta ardura gehiago eskatzen diogu EAJri
DBH Batzordea sortu eta zortzi hilabetera, «EH Bilduk bi aldiz hala eskatuta, azkenean, martxoaren 30ean lehen DBH batzordea ospatu zen». Bertan, DBHko partzelaren inguruko bi txosten aurkeztu ziren «eskatu eta ia urtebete beranduago: batean partzelaren balio ekonomikoa eta bestean, partzelaren hiritartze baldintzak zehazten dira».
«EAJk ezkutatu arren, par-tzelak 100.000 euro baino gutxiago balio duela dio txostenak. Udalarentzat, beraz, bideragarria. Hiritartze lanen inguruan, EAJren jarrera ez da ulergarria. Noski eremuak hiritartze lanak egiteke dituela. Aukeratu ere horregatik aukeratu zen: hiritartu gabeko lurra baina eremu urbanotik gertu hornidurak erraz egiteko. Baina EAJk eremuari aitzakia zentzugabeak besterik ez dizkio aurkitzen».
«Partzela ez dela irisgarria dio EAJk». EH Bilduren esanetan Galtzaur kaletik eta errege bidea aprobetxatuz, bertako autobus geltokitik irisgarritasun unibertsala berma daiteke, «Planak dioen moduan».
«Beste aitzakia eraikitze lanak egiteko arazoak daudela da». Inongo oinarri teknikorik ez duen baieztapena da Bilduren ustez. «Galtzaur kaletik zein hilerritik obrak erraz egin daitezke».
«Azkenik goi tentsioko sarea konpontzea gehiegikeria dela esan dute eta EAJk honen inguruan egindako kudeaketa lotsagarria izan da. Aurrena alarma piztu du Udalak 3.000.000 euro, 2.000.000 euro edo 1.500.000 euro gastatu beharko zituela esanaz. Azkenean, EH Bilduk mila bider errepikatu eta Plan Orokorrak jasotakoa esaten amaitzeko: 159.000 euro. Norena da inprobisazioa?».
«Adostasunik oraindik ez da lortu eta hiru idatzi desberdin bidali dira Hezkuntza sailari»
EAJren axolagabekeria ez da hor amaitzen EH Bilduren aburuz. Martxoko batzordean Hezkuntza sailari informazioa emateko idatzi adostua bidaliko zela onartu zen. «40 egun beranduago adostasunik ez da lortu, EAJk partzela irisgarria dela eta obrak arazorik gabe egin daitezkeela onartu nahi ez duelako. Horren aurrean, EAJren soluzioa hiru idatzi desberdin bidaltzea izan da»
EH Bilduk hori Hezkuntza sailaren aurrean oso itxura kaskarra eskaintzea litzatekeela ohartarazi dio. «EH Bilduk DBHrekiko duen konpromisoaren erakusle, hiru testu bidali aurretik, EAJrena bakarrik bidaltzea onartu du, DBHren hobe beharrez, bere testu propio osatuagori (Zuzendaritzak eta Guraso Elkarteak hala onartuta) uko eginez». EH Bilduk, EAJri DBHren gaian esku-frenoa askatzeko eskaera egiten dio. «DBH guztiok elkarrekin lan eginez lortuko da eta berandu bada ere, behingoz zintzotasunez DBHren aldeko olatura gehitzeko eskaera egiten dio EH Bilduk EAJri».