Azken urteetan, oso ohikoa da entzutea Europa anitza dela hizkuntzen ikuspegitik, eta hitzak errealitate bihurtzeko, beharrezkoa da horretarako ekintzak aurrera eramatea. Horietako bat da, hain zuzen, Other Words-Beste Hitzak proiektua.
Donostia 2016 kultur hiriburutzaren barruan sortu eta Donostia Kulturatik koordinatutako proiektua da. Gaur egun Imanol Galdos da haren arduraduna eta Idoia Noble hernaniarra da zuzendari artistikoa: «Other Wordsek sustatu nahi ditu hizkuntza txikiak eta gutxituak», azaldu du Noblek.
Beste bost herrialdekin batera, elkarlanean, daramakite aurrera Other Words-Beste Hitzak proiektua. Horiek dira, hain zuzen: Euskal Herria, Eslovenia, Mazedonia, Irlanda eta Frisia.
Sorkuntza-egonaldiak,
bost herrialdetan
Proiektua gauzatzen da idazleei sorkuntza-egonaldiak eskainiz: partaide bakoitzak bi idazle aukeratzen ditu urtero, eta beste herrialde batean zortzi asteko esperientzia bizitzeko aukera ematen zaie: «sorkuntza lan bat egiteko aukera lortzen dute, eta ondoren, lan hori beste bost hizkuntzetara itzuli eta argitara ematea. Horrez gain, nazioarteko proiekzioa ere lortzen dute», dio proiektuaren zuzendari artistikoak.
Other Words-Beste Hitzaken helburu orokorrak, aldiz, haratago doaz: «hizkuntza gutxituetako literaturari nazioartean zabaltzeko aukera eskaintzea; hizkuntza aniztasunari garrantzia ematea; literatur sorkuntza prozesuak ikustaraztea; agerian ez dauden gaiak, ikuspegiak eta gizarte sektoreak ikustaraztea; agerian ez dauden gaiak, ikuspegiak eta gizarte sektoreak ikustaraztea; eta hizkuntza gutxituen arloko literatur eragileen elkarlana gauzatzea», zehazten du Idoia Noblek berak.
Donostia 2016aren bueltan hasitako proiektua da Other Words-Beste Hitzak.
Ekitaldietan partehartzea, zortzi aste horietako eginbeharra
Baina idaztea ez da partehartzaileek daukaten eginbehar bakarra: «egonaldi honetan sortzaile bakoitzak beretik eman behar du; alegia, hartzen duen herrialde horretan bere kulturaren eta bere hizkuntzaren berri eman behar du, baita jaso ere. Eta horiek egin behar dira zuzeneko harremanean», dio Noblek.
Horretarako, hasieratik idazleari eskatzen zaio bi jarduera proposatzeko, eta hartu duen herrialdearen laguntzaz, antolatzen dituzte horiek. Baita beste hainbat ere, betiere, idazlea prest azalduz gero: «idazteko denbora ere, izan behar dutela ahaztu gabe», onartzen du.
Hemendik bidalitako euskal idazleek denetarik egin izan dutela diote: euskeraren inguruko hitzaldiak, bertsolaritzaren ingurukoak, solasaldiak eskoletan, kaleko performanceak euskerazko hitzak erakusteko...
Gainera, egitaraua herrialde bakoitzeko literatur zita garrantzitsuenetara moldatzen dute, horietan «presentzia edukitzeko» aukera izan dezaten.
«Egonaldi honetan sortzaile bakoitzak beretik eman behar du; alegia, hartzen duen herrialde horretan bere kulturaren eta bere hizkuntzaren berri eman behar du, baita jaso ere»
Luzatzeko aukera, aurrerago
Proiektuak 2015ean hasi zuen ibilbidea, baina aurreneko elkartrukeak 2016an izan ziren, kultur hiriburutzarekin bat eginez: «proiektua lau urtetarako aurreikusita dago, eta egonaldiak 2016an, 2017an eta 2018an izango direla zehaztu zen hasieratik».
Horrela, berez herrialde bakoitzak hiru urtetan sei idazle jaso eta beste sei bidali beharko lituzke: «dena den, proiektuak aurreikusten du modu bat bazkideak gehitzeko: bai aurten, baita datorren urtean ere, beste hizkuntza txikietako idazleak gonbidatzea». Hori egiteko, herrialde batek bi idazle bidali beharrean, lekua utziko dio beste hizkuntzeko bati.
Gerard De Jong, egun Donostian dagoen idazlea
Horietako bat da, hain zuzen, Gerard De Jong kazetaria, maiatzaren hasieran Donostia Kulturak hartu zuena: «De Jong Herbereetakoa da eta bildts hizkuntza hitz egiten du, 6.000 hiztun besterik ez dituen hizkuntza». Hizkuntza gonbidatua da, beraz, sarea irekitzen ari den seinale.
Lehiaketan hautatutakoak
Euskal Herriak, ordea, ekainaren 5ean bidaliko du hurrengo idazlea. Esloveniara bidaiatuko du, eta bertan izango da uztailaren 24ra arte. Izenik ez dute esan oraindik, baina apirilaren 30ean itxi zuten hautagaien lehiaketa publikoan parte hartzeko epea.
Idoia Noblek azaldu duen bezala, edonori irekita dagoen lehiaketa da: «garrantzitsuena da sorkuntza-egonaldian sortuko duen proiektua zein den, baina baita ere baloratzen da zer-nolako ibilbidea duen». Proposamen guztiak hainbat adituz osatutako hautaketa batzorde batek baloratzen ditu, ondoren, eta beraiek erabakitzen dute nor izango den partehartzailea.
Esperientzia aberasgarria
Idoia Noblek adierazi duenez, oso esperientzia aberasgarria da, baina «partehartzaileek batez ere estimatzen dute zortzi astean zehar idazle bizitza egitea». Izan ere, «normalean ezin dizkiote hainbeste ordu eskaini».
«Denetarik egiten dut»
Hori guztia lotzea da, hain zuzen, Idoia Nobleren lana. Bera da proiektuaren zuzendari artistikoa, Donostia Kulturako Imanol Galdosen koordinaziopean. «Denetarik egiten dut», dio berak, «gainera, ardura berezia daukagu guk, Donostia Kultura baita proiektuaren liderra, eta besteak beste, Europatik datozen baliabideak jaso, kudeatu eta besteekin partekatzen dituena».
Beraz, Noblek berak zuzeneko harremana dauka partaideekin, eta beraien beharrei erantzuten saiatzen da.
Bost herrialdeetako ordezkariekin komunikazioa ga–rrantzitsutzat jo du: «oso garrantzitsua da harreman hori lantzea, eta horregatik, behin–tzat urtean behin elkartzen gara aurrez aurre: 2016koa Donostian izan zen, aurten, Irlandan; eta datorren urtean, Frisian». Azken hau, bertako herri baten kultur hiriburutza aprobetxatuz.