Astigarragako Udal gobernuak Sagardo Plaza birmoldatzeko proiektua aurkeztu zuen ostegunean Gaztelekun. Harrera oso ona eduki zuen eta bizilagun ugari bildu ziren proiektua ezagutu eta partehartze prozesua martxan jartzeko. Proposamenak eta ideiak entzun ziren.
Obra lanak bi faseetan egingo dira. Alde batetik, plaza birmoldatuko da eta, bestalde, lekuz aldatuko den jolastoki berria hornituko da. Bi faseak denboran jarraian aurrera eramango dira, gune honetako erabiltzaileengan ahalik eta eragozpen gutxien sortzearren.
Nahiz eta Sagardo Plaza egoera onean egon, udal gobernuak biziberritu nahi du, merkataritza gunea hobetuz gain. Lehenengo ekimena jolastokia plazatik kentzea izango da, egingo den berria Galtzaurreko errekan, ibai ondoan, jarriko baita. Iturria ere plazako iskina batera lekuz aldatuko da. Neurri hauen helburua Sagardo Plazako erdigunea garbi uztea da.
Plazako aurrekaldean dauden eserlekuak mantenduko dira eta, gainera, banku biribilak jarriko dira zuhaitz batzuen inguruan. Horrela, atseden bat hartzeko leku berriak sortuko dira eta, aldi berean, gurasoen zaintza erraztuko da. Gaur egungo argi puntuak mantenduko dira, baina LED tekonologiako argiteria jarriko da.
Egingo den obra Eusko Jaurlaritzak komertzioa sustatzeko sortu duen Hirigune proiektuaren barne sartzen da, eta dirulaguntza jasoko du. Horrez gain, udalak Astikorekin komertzio lokala biziberritzeko plan berezi bat martxan dauka.
Orain udal gobernuak auzoko bizilagunei inkesta bat pasako die jolastokia zer motatako erabiltzaileei zuzendu behar den erabaki ahal izateko eta, hortaz, bertan zer motatako jolasak jarri behar diren jakiteko.