Aurreneko aldia al da kartel lehiaketa batean parte hartzen duzula?
Ez. Lehenengoa inauterietako egitaraurako aurkeztu nuen. Lehiaketaren ideia gustatu zitzaidan eta parte hartzea erabaki nuen, galtzekorik ez nuelako.
Axeria, plaza, sua… San Joanetako elementuak aukeratu dituzu. Zergatik?
Diseinua egiterakoan, argi neukan hiru elementu irudikatu nahi nituela. Batetik, nire ikasketen ikuspuntutik bizi osoan iruditu zait arkitektura aldetik Hernaniko eraikuntzarik aipagarriena udaletxea dela. Gainera, festetan topagune bihurtzen zaigu. Bestalde, San Joan jaien inguruan ari garenez, ezin suaren garrak falta, San Joan jaiak ospatzen diren herri guztietan bezalaxe. Azkenik, Hernani beste herri guztietako jaietatik desberdin egiten duen gauza Axeri dantza denez, azeria izan da nire diseinuko protagonista.
Ohiko elementuak, baina toke kubistarekin. Zer dela eta?
Nirekin bat datorren estilo bat delako, beti gustatu izan zait.
Aurrenekoz aukeratu dute herritarrek, kartela. Gustura, jasotako emaitzarekin?
Hasiera batean, ez nekien lehenengo aldia zenik, baina lortutako emaitzekin gustura egia esan.
Hori horrela, asmorik bai, gehiagotan parte hartzeko?
Oraingoz ez, baina aurrerago aurkezteko aukera ez dut alde batera uzten.
San Joanetarako hilabete falta den honetan, gogorik bai, festarako?
Noski! San Joan bezperan dut azkeneko azterketa, beraz, festetarako puntu-puntuan!
Zein egun duzu gustukoen?
San Joanetako edozein egunetako nire plan perfektua: gaueko parranda, sokamuturra, azeri dantza eta ohera.
Eta Ereñotzuko festetara joateko ohiturarik badaukazu?
Bai! Badakizue, ‘la cabra siempre tira al monte’.
Ereñotzuko kartela ere, zurea! Baina hemen, detaile konkretu baten irudia aukeratu duzu.
Askotan, gutxi, gehiago da eta argi dago San Antonioak oso lotuta daudela euskal musikarekin.
Ereñotzuko edo Hernaniko jaiak, nahiago?
Biak ditut gustokoak. Niretzat ez du zentzurik bietako bat aukeratzeak.