Internet bidezko izenemate epea atzo bukatu zen, gaurko GoizuTrail lasterketetarako, baina gaur ere izanen da aukera, 07:30etan hasita, izena emateko; 16 urte beteta izan behar dira ibilbide motzean parte hartzeko, eta 18 edo gehiago, ibilbide luzerako. Dortsalak ere ordu horretatik aurrera banatuko dituzte.
Atzoko datuen arabera, 72 parte-hartzaile izanen dira 25 kilometrotako ibilbidean, eta beste 46, 10 kilometrotakoan.
Eneko Elorri eta Mandoegi, bi gailurrak
Bi lasterketak batera hasiko dira, 09:00etan, plazan. Aitasemegi auzora igoko dira korrikalari guztiak, eta 4 kilometrotan, 680 metrora dagoen Eneko Elorriko bizkarrera igoko dira. Handik herrira jaitsita bukatuko dute 10 kilometrotako ibilbidea eginen dutenak.
Gainontzekoek segi eginen dute, 1.045 metrora dagoen Mandoegiko gailurrera. Desnibela 1.636 metrokoa da, eta ibilbide guztia mendiko bidezidor, pista eta larretan barrena eginen da.
Sariak eta hamaiketakoa
Ibilbide luzea egiten dutenentzako bosna sari izanen dira, emakume eta gizonentzat; txapela eta 125 euro irabazlearentzat; 75 euro bigarrenarentzat; 50, hirugarrenarentzat; Goizuetako produktuekin osatutako saskia aurreneko beteranoarentzat; eta 75 euro, aurreneko beterano goizuetarrarentzat.
Ibilbide motza egiten dutenen artean, berriz, garaikurrak banatuko dira aurreneko hiru sailkatuen artean, eta aurreneko goizuetarrari ere emanen zaio, beste bat.
Sari banaketa 12:30ak aldera eginen da, baina aurretik, hamaiketako batekin gozatzeko aukera izanen da 12:00etan, plazan.