Iritsi da Donostia 2016, eta itxita jarraitzen du Chillida-Leku museoak

Kronika - Erredakzioa 2016ko urt. 23a, 01:00

EGILEA: AINHOA JAUREGI

Chillida-Leku museoak 2000 urtean zabaldu zituen ateak. Hamar urtetan zehar, ia milioi bat bisita erakarri zituen, eta Euskal Herriko lau museo nagusietako bat ere bilakatu zen. Baina, egoera ekonomikoak itota, chillidatarrek 2010eko abenduaren 31ean itxi behar izan zuten museoa. 
Ordurako, Chillida-Belzunce familia aspalditik zebilen erakundeekin irtenbide bila negoziatzen, baina bi aldeek ikuspuntu oso desberdinak zituzten. Chillida-Leku museoaren kudeaketaren eta ondarearen kontrolaren gaineko erabakiekin ez zetozen bat.  
Chillidatarrek museoari gil­tza eman zioten arren, elkarrizketek aurrera egin zuten baina ez zuten akordiorik ekarri, eta behin-behinekoa zirudien itxie­ra gaurdaino luzatu da. 2012 urte hasieran, akordioak inoiz baino urrutiago zirudien: familiak museoa saldu nahi zuen baina erakundeek erostea «ezinezkoa» zela zioten.
Horrela, 2014 urtera arte negoziaketak geldirik egon ziren. Urte horretatik, gauzak asko aurreratu direla dio Luis Chillidak, eta kudeaketa ereduaren inguruko lan dokumentu baten gainean ari dira orain negoziatzen. 

Elkarrizketak, diskrezio osoz
Donostia 2016rako adostasun batetara iritsi ez diren arren, elkarrizketek aurrera jarrai­tzen dute, baina erabateko diskrezioa dago bi aldeetatik. Ikusteko dago, beraz, akordioa lortuko ote den Chillida-Lekuk berriro ateak zabaltzeko.

«Ezin genuen arinegi erabaki bat hartu, 2017tik aurrera irekita mantenduko dela ziurtatu gabe»

Luis Chillida Belzunce (Donostia, 1962), Eduardo Chillida eta Pilar Belzuncek izan zituzten zortzi seme-alabetako bat da. Chillida-Lekuko zuzendaria da museoa inauguratu zen egunetik, eta bertako egoera azaldu digu.

Bost urte igaro dira museoa itxi zenutenetik, baina Chillida-Lekuk itxura paregabea du. Nork eta nola mantentzen du 12 hektareako finka bat?
Guk mantentzen dugu, beti bezala. Nire gurasoek leku hau erosi zutenetik museo bezala publikoari ateak ireki zitzaizkion arte ere, guk egiten genuen dena. Guk mantentzen genuen hau guztia. 

Horretarako ere dirua behar da. Nondik lortzen dituzue museoa kontserbatzeko diru sarrerak?
Ba guk jartzen dugu dirua, noski, eta Chillida fundazioaren bitartez ere lortzen ditugu diru sarrerak. Gaur egun, museoak ez dira errentagarriak. Horregatik itxi behar izan genuen geurea. Irekita egon zen 10 urte horietan mantenimendurako behar zen diru kopurua, egungoa baino askoz ere haundiagoa zen. Jendearekin egon behar zen, gidariak behar ziren, segurtasunerako langileak… 

Beraz, gaur egun museoak ez dira errentagarriak...
Ez. Museo gehienek erakunde publikoetatik dirulaguntzak jasotzen dituzte funtzionatu ahal izateko. Europan, museo batek zerbitzu publikotik gehiago dauka, jarduera ekonomikotik baino. Beste leku batzuetan, Estatu Batuetan adibidez, museo bat jaiotzetik oso desberdina da. Museo bat irekitzeko dirua jartzen duten enpresek abantaila-fiskal haundiak dituzte. Beraz, diru iturri nagusiak izaten dira.

Iritsi da Donostia 2016 eta Chillida-Lekuk giltza emanda jarraitzen du. Nola likete Donostia Europako Kultura Hiriburua izatea eta Eduardo Chillidaren obra garrantzi­tsuena itxita egotea?
Guri pena haundia ematen digu. Ez da zentzuzkoa Donos­tia 2016 izanda, Chillida-Leku itxita egotea. Urte asko daramazkigu irtenbide baten bila, erakunde publikoekin hitz egiten… Baina argi genuena zen, ezin genuela hiriburutzagatik akordio bat behartu. Guk mu­se­o­a­rentzako etorkizun zehatz eta seguru bat bilatzen dugu, eta lanean ari ginen baldintzetan, ezin genuen hori ziurtatu. 

Hala ere, gogoratu behar dugu, publikoarentzako ateak itxita dituzuen arren, aldez aurretik deituta museoa ikusteko aukera badagoela. Edonor etorri daiteke edo  taldeak sortu behar dira? 
Edonor etorri daiteke, ez dago taldeak sortu beharrik. Badi­tu­gu ordu batzuk bisitetara zu­zen­duta. Jendeak deitu, eta hona etorri daiteke nahi duen egunean. Arazo haundiena, bisita gidatua nahi duten taldeak izaten dira. Orain, ni bakarrik nago horretarako, eta nire denbora librearen arabera lagundu di­tzaket ala ez.  Bes­tal­de, badaude talde batzuk beraien gidariekin etortzen direnak. 

«Europan, museo batek gehiago dauka zerbitzu publikotik, jarduera ekonomikotik baino»

Sarrerak zenbat balio du? 
Ez du salneurri zehatzik. Chi­llida fundazioari dohaintza bat egitea proposatzen da, museoa mantentzen laguntzeko. Bere garaian 8 euro balio zituen eta garestienetako bat zela esan behar dut. Madrileko El Prado Museora sartzeko, adibidez, 3 euro ordaindu behar ziren. 

Donostia 2016 dela eta, kanpoko jendearen eskaera dexente igo daiteke. Horri aurre egiteko prestatuta al zaudete?    
Beno, ahal dugun moduan egingo diogu aurre eskaera horri. Ezin dugu langile gehiago kontratatu, baina hemen lan egindako gidari batzuekin kontaktuan jarraitzen dugu eta behar izanez gero, bisita konkretu ba­tzuetarako deituko ditugu. Hala ere, aurten erakunde publikoekin akordio ba­te­tara iritsi behar dugu. Orain­go legislatura amai­tzeko denbora gutxi gelditzen da eta bada garaia adostasun batetara iristeko. 

Zer presentzia izango du Chillida-Lekuk Donostia 2016ean?
Chillidaren presentzia denean egongo da. Lehen esan bezala, nahi duena Chillida-Leku mu­seoa ikustera etorri daiteke. Bestalde, San Telmo Museoak Gaur Konstelazioa izenpean bi erakusketa prestatu ditu, eta batean Chillidaren obra batzuk egongo dira ikusgai. Gure­tza­ko, familiarentzako, tamalgarria den beste gai bat  El Peine del Viento itxita egotea da. Ea horri ere irtenbide bat aurki­tzen diogun. Asko luzatzen ari den beste gauza bat baita. 

Kultur ekintza pribatuak prestatu al dituzue? Zeintzuk?
Bost ekintza desberdinen inguruan aritu gara lanean, baina ez dakigu bostak aurrera atera ahal izango ditugun. Bi edo hiru ekintza gure gain hartu ditzakegu, baina beste bi, behar den diru kopuruagatik, ez dakigu bideragarriak izango ote diren. Babesle bila gabiltza, baina momentuz ez dugu lortu. Otsailean ospatuko den ekintza musikal bat daukagu itxita: La suave armonía kontzertua.  Tamayorekin batera, margo lehiaketa bat egiten dugu urtero, eta egun horretan bertan, Tolosako Topic txotxongilo zentroaren laguntzarekin, txo­txongilo tailerra eta ikuskizuna ere prestatu nahi ditugu. 

Donostiarekin batera, Wroclaw (Polonia) 2016ko Europako Hiriburu Kulturala da, eta bertan, Chillidaren erakusketa garrantzitsu bat egongo da ikusgai. 
Bai, 30 obra inguru eraman ditugu Wroclawera. Erakus­ke­taren ardatza musika da. Nire aitak eta bere lanak musikarekin duen erlazioaren islada da. Bera melomano bat baitzen. Aitak beti esaten zuen edozein ekintza artistikoak alde poetiko bat izan behar zuela, eta beste bat musikala. Orain dela bi urte hasi ginen erakusketa hau prestatzen.

Nola ikusten duzue Poloniak zuen aitaren lanarekiko erakutsi duen interesa? 
Egia esan, ohituta gaude. Kan­potik nire aitaren lanarekiko interesa beti izan da haundia, eta horregatik, ez gaitu harritu Poloniak egindako proposamenak. Bestalde, egia da, lehenengo aldiz egiten dela horrelako erakusketa bat Polonian, eta oso pozik gaude.

Kanpoan hemen baino interes haundiago dagoela uste duzue?
Hori sentitzen dugu, behintzat. Baina, beno, hori izan da pixka bat nire aitaren bizitza. Urte askotan zehar, bera bizirik zegoenean, erakusketak, sa­riak, lanak… kanpoan egiten ziren. Ondoren, hona etorri ginenean eta bere lana hemen zentratu zuenean piztu zen Chillidarekiko interesa Estatu mailan.

Eusko Jaurlaritzarekin negoziaketak nola dijoazen galdetu behar dizut. Denboran luze joaten ari dira eta zuen arteko akordioa zail antzematen da. Zein puntutan zaudete? 
Hortxe dijoaz, poliki-poliki. Asko aurreratu dugu eta legislatura bukatu baino lehen akordio batetara iritsiko garela uste dut, baina momentuz ez dago ezer. Gauza hauek oso mantso joaten dira, are eta gehiago, gaur egun bizi dugun egoera politikoarekin. Gu gara lehenengoak Chillida-Lekuren irekieraren berri eman nahiko genukeenak. 2006 urtetik gabil­tza negoziaketetan, baina lehenik eta behin, museoaren etorkizuna bermatu nahi dugu.

Eusko jaurlaritzarekin negoziaketetan ari zineten bitartean, beste zazpi obra gehiagorekin batera, Arco de la Libertad (1993) eskultura salgai jarri zenuten New Yorken; Chillida-Lekuko eskultura nabarmenetako bat, hain zuzen ere. Horrekin, Eusko Jaurlaritzari ordagoa bota nahi izan diozue? 
Ez, inondik ere ez. Gainera ez dugu salgai jarri, erakusketa baterako utzi genuen, beste lan batzuekin batera. Noski, erosle bat azaldu izan balitz, eskain­tza on batekin, ba nork daki. Baina asmoa ez zen hori. Nire aitaren obrak merkatuan ja­rrai­tzeko, noizbehinka, eraku­tsi egin behar dira, kanpora atera eta eskulturaren bat saldu. Baina Arco de la Libertad Chillida-Leku museora itzuliko da.

Horrenbeste denbora eta gero, akordio batetara iritsiko zaretela uste al duzu?
Ni beti izan naiz oso baikorra eta baietz uste dut. Egia da, denbora asko pasa dela negoziatzen hasi ginenetik, eta aurten zerbaitetara iritsi behar­ko genuke. Guk nahi dugun bakarra, museo honen izaera monografikoa errespetatzea da, obrak nere aitak nahi zuen moduan jarrai­tzea, eta noski, museoari etorkizun on bat ziurtatzea, legislatura aldaketek eraginik izan gabe.

Komunikabideetan ikusi dugunez, erakunde publikoek Donostia 2016rako data izan dute buruan, Chillida-Leku museoaren irekiera inguruko negoziaketetan. Zuek, aldiz, data horretatik aldendu egin duzuela ematen du. Zergatik?
Guri, euskaldun moduan, ilusio haundia egiten digu, aurten Donostia Europako Hiri­bu­ru Kulturala izatea, eta edozer gauzetan laguntzeko prest gaude. Baina Chillida-Lekuren irekierak ez du gertaera horrekin lotuta egon beharrik. Akordio batera iritsi izan bagina primeran, baina ez da horrela gertatu. Eta, Donostia 2016agatik, ezin genuen arinegi erabaki bat hartu museoa aurten irekitzeko, 2017tik aurrera ere irekita mantenduko dela ziurtatu gabe. Chillida-Lekuren etorkizuna bermatzen duen irtenbide batetara iristen gara edo gauden bezala jarraituko dugu.

Donostia 2016 logoaren historia eta sorburua

Donostia 2016ko logoa Luisa Chillida diseinugileak egin du, Eduardo Chillida eskultorearen bilobak. Bertako irudia 1989an Donostiako Udalak medaila bat egiteko eskaria egin zuenean, Eduardo Chillidak landutako prestakuntzazko estudioetako baten erreprodukzio zehatza da. Medaila oroigarriak Donostia du izena eta diseinuaren inspirazio iturria Kontxako badia izan zuen, hiriaren ikur ukaezina.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!