Ausentziak eta presentziak, heriotza mota ezberdinak: ez fisikoa bakarrik, baita mentala, soziala, boluntarioa, erlazionala eta rurala ere. Hori du gai orokorra, Carmen Ibañez artistak Biterin jarriko duen erakusketak.
Atzo hasi zituzten muntaketa lanak, eta gaur bukatuko dituzte. Publikoari irekia da, eta beraz, nahi duten herritar guztiek aukera izango dute bertaratu eta obrak nola muntatzen dituzten ikusteko. Are gehiago, obretako bat, Tempus izenekoa, muntaketan bertan bukatuko du Ibañezek, eta beraz, zuzenean ikusi ahal izango da, nola egiten duen.
Edozein kasutan, erakusketaren inaugurazioa bihar izango da, ordu berezi batean: arratsaldeko 19:19etan, maiatzaren 19a izatearekin jokatuz.
Arte diziplina ezberdinetako 10 obra, erakusketan
Ikusgai jarriko dituen obrak, arte diziplina ezberdinetakoak dira: pintura, eskultura, argazkia, bideoa, instalazioa eta performancea. 10 obra nagusi aurkeztuko ditu Ibañezek, erakusketan: Tempus, Maleta, Zintzilikatutakoak, Triptikoa, Erbestea, Autoerretratua, Etxegabea, Performance galkorra, Kaiola eta Jánovas.
Baina margolan, eskultura, argazki sorta edota bideo horiek ikusteaz gainera, parte hartzeko aukera ere izango dute bisitariek: «erakusketa indibidual honi, aztarna kolektibo bat jarri nahi diogu, bisitari bakoitzak aportatuz objekturen bat, hildakoren batekin erlazionatua, eta heriotzarekin lotura duena. Eta horrela, beraiek ere sartuko dira elkarrizketa batean, objektuen ausentzia eta presentzia izango duena protagonista», azaldu du Ibañezek berak.
Eta aurreratu du, gainera, aukera izango dutela obra batzuen posizioa aldatzeko ere, «interakzio hori ezinbestekoa delako», dio artistak.