Urteko batzarra egin zuen Oronak, Hernaniko Orona Ideo eraikinean, aurreko ostiralean. Eta bertan eman zituzten aditzera, aurreko urteko kontuak, eta martxan jarri dituzten proiektu berriak: Orona-UE eta Fabrika 4.0.
Horrela, jakinarazi zuten 652 milioi euroko salmentak izan zituela Oronak, 2016an; «2015ean baino %6,71 gehiago. Eta horietatik 382 milioi, erdia baino gehiago, nazioarteko esparruan izan ziren».
«Orona-UE proiektuak bultzada sendoa emango dio Oronaren nazioartekotzeari»
Orona-UE proiektu berria ere aurkeztu zuten batzarrean: «bultzada sendoa emango dio Oronaren nazioartekotze gero eta haundiagoari. Proiektu honek indartu egiten du Europan jarraitzeko daukan konpromisoa. Dagoeneko, 1.500 langile baino gehiago dauzka Oronak Europan», azaldu dute.
Fabrika 4.0 proiektua, berriz, 2016ko udaberrian jarri zuten martxan, «fabrikazio adimenduneko sistema bat» ezarrita Hernanin. Horrekin, enplegua sortzeaz gain, lortu nahi dute «etorkizunerako giltzarri gisa lehiakortasuna hobetzea».