Lan hitzarmena berritzea eskatzeko, zazpi greba egun deitu dituzte Hernaniko Arcelor Mittal enpresako langileek: «16 hilabete daramazkite hitzarmena berritu gabe», adierazi du Hernaniko ELA sindikatuak. Eta gaineratu du: «mobilizazioetara jo aurretik, langileen batzordeak azken ahalegina egin zuen martxoan, enpresaren zuzendaritzarekin. Baina ez dirudi negoziaziorik hasteko borondaterik dagoenik».
Azaldu dutenez, langileen batzordeak eskatu du soldaten «tajuzko igoera», enpresaren egoerari egokitua; eta lan erreformen aurrean langileen lan baldintzak errespetatuko diren bermea. Aurreratu dute, gauzek bere horretan jarraituz gero, mobilizazio gehiago egiteko asmoa dutela.