Martxan jarri du EH Bilduk, bere kongresu eratzailea: «bost urteko ibilbidea egin ondoren, lau indar politikoren koalizio izatetik, alderdi jakin batekin loturarik ez duten pertsonak eta sektore politikoak bilduko dituen subjektu politiko izateko saltoa egitera goaz», aurreratu dute.
Eta prozesu horren berri emateko, Buruntzaldea mailako Aurkezpen Foroa antolatu dute gaur, Usurbilgo Potxoenea kultur etxean, arratsaldeko 18:30etan hasita.
Iriarte eta Perez, hizlari
Bertan egongo dira Maddalen Iriarte eta Haritz Perez, EH Bilduko kideak, kongresuaren nondik norako guztiak azaltzeko. Bertan emango dute, baita ere, ekainaren 17an egingo den kongresuaren berri, eta kongresura eramango diren dokumentuak eztabaidatzeko aukera izango da gaur.
EH Bilduk gonbitea luzatu die herritar guztiei, prozesu eratzailearen parte izateko. Horretarako, izena eman behar da: kongresua.ehbildu.eus.