LGTBQI Fobiaren Aurkako Eguna da etzi, eta horren harira, gaur hasiko den egitaraua aurkeztu du herritar talde batek: «hutsune hori ikusten genuen. Identitate anitzak daude herrian, beste hainbat taldetan, baina herrigintzan ez dira islatzen. Orain arte ez da ezer bateraturik egin, eta hiriburuetara jo izan dugu. Horregatik, maiatzaren 17 honen bueltan antolatzen hasi gara, eta ea hemendik zerbait ateratzen den, modu naturalean!», azaldu zioten Kronikari.
Gaurtik larunbatera arte
Horrela, bada, sortu dute Hamaika identitate, borroka bat izenburudun programa, gaurko tailerrarekin hasiko dena. Arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara izango da Kontrakantxa gaztetxean, eta LGTBQI fobia eta heteropatriarkatua gure egunerokoan gaia landu eta eztabaidatzeko aukera izango da.
Bihar beste tailer bat egingo dute, sormenaren ingurukoa, ordu berean, estereotipo eta eredu zapaltzaileak apurtuz izenburupean.
Gaurko tailerra Kontrakantxa gaztetxean izango da, 18:00etan hasita.
Mani-festa-akzioa, etzi
Egunean bertan, ordea, aldarrikapena izango da nagusi; Mani-festa-akzioa egingo dute Plaza Berritik abiatuta, iluntzeko 20:00etan.