Hernani Musika Eskolak eta Ttakun Ttan Ttakun txalaparta taldeak antolatuta, euskal instrumentuaren jardunaldien hogeita hamaikagarren edizioa izango da asteburu honetan.
Ostiralean hasiko da festa Sergio Lamuedra eta Julen Laskibar txalapartariek osatzen duten Kimu taldearen eskutik. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da kontzertua, Biteri kultur etxeko areto nagusian.
Larunbatean, egun haundia
Baina, urtero bezala, larunbata izango da herriko txalapartarien egun haundia. Eguerdian, saio libreak egingo dituzte, eta beste hainbat musika-joleen laguntzaz girotuko dute herria. Arratsaldean izango da jaialdi nagusia, txoko guztietako txalapartariekin, eta Bertso Eskolako bertsolariekin, baita ere. Eta gauean, 23:00etan hasita, Txalaparta Party aparta egingo dute, Atxur tabernan, DJ Barruren eskutik.
Bazkariko txartelak, salgai
Urtero bezala, bazkaria egingo dute larunbatean, eta joan nahi duenak, lekua aldez aurretik erreserbatzea gomendatu dute: aitorbeltran@yahoo.es edo soinuenea@soinuenea.eus.