Hezkuntzaren arloan aldarrikapenak ugariak izaten ari dira azkeneko hilabeteotan, eta horren harira, grebarako bi deialdi egin dituzte LAB, ELA eta Steilas sindikatuek maiatzerako. Aurrenekoa, etzi izango da, asteartez; bestea, aldiz, hilaren 23rako dago deituta.
Deialdion aurrean, Langile ikastolako langileek beraien babesa adierazi nahi izan dute, eta jakinarazi dute bat egingo dutela horiekin: «grebara deitzearen arrazoi nagusia EAEn irakaskuntza publikoa jasaten ari den murrizketak gero eta larriagoak izatean datza», azaldu dute prentsa-ohar bitartez.
Izan ere, diote: «ditugun ikasle kopuruarekin irakasle plantila ez da haunditu. EAEko hezkuntza publikoan gutxienez 2.000 langile gehiago egon behar dira kolektibo ezberdinetan».
Gainera, eskatzen dute: «irakasle baten baja ematen denean, berehala bete behar da ordezkapena eta ez ordezko irakaslerik gabe 5 egun egotea, orain ematen den bezala».
Horrez gain, Langile ikastolako langileen ustez, «gelako ikasle kopurua gutxienez %10 murriztu behar da», eta «ikastetxeetako irakasleen ardurak gutxitu behar dira arlo pedagogikoari denbora gehiago eskaini ahal izateko».
Beraien aldarrikapenen artean dago, baita ere, behin-behinekotasuna murriztea: «behin-betiko plantilak egonkortu hezkuntza proiektuak sendotzeko».
Eta azkenik, diote: «orain dela urte gutxira arte 60 urte beteak zituzten irakasleek ikasleekin bete beharreko orduak murriztuta zituen, gaur ez ordea».
Zerrenda, «amaiezina»
Dena den, ohartarazten dute zerrenda «amaiezina» dela: «gero eta kezkagarriagoa da irakaskuntza publikoa jasaten ari den murrizketa, herri honetako seme-alaben hezkuntza kalitatea arriskuan jarriaz».
Eta horrek, gainera, «ondorio zuzenak dakarzki egunerokotasunean».