«Gizatasuna da behar dutena, eta ez adibidez gela batean sartu eta bi orduz ordenagailu ikastaro bat hartzen egon. Askotan, hobe da kafe batera gonbidatu eta solasaldi bat edukitzea, instituzioetatik etorritako agenda irmo bat baino». Ioan Mihai Sabailak argi du. Cultura Romaneasca-Errumaniar Kultura izeneko elkarteko kidea da, eta Mikel Goenagarekin ibiltzen zen orpoz orpo lanean, errumaniarren kanpamenduan.
«Orain, Mikel joan zitzaigula urte bete pasa da, eta ordutik gauzak asko aldatu dira. Bere hutsunea asko nabaritu da, eta faltan asko botatzen dut. Bera bezalakoak, gehiago behar dira. Hark egin zuen lana izugarria izan zen» dio Sabailak.
Datorren apirilaren 28an, 18:30etan, solasaldi bat antolatu dute Astigarragako kultur etxean, errumaniar komunitatearekin elkarbizitza hobetzeko. Errumaniarren Kultura elkartearen ordezkari bezala bertan izango da Ioan Mihai Sabaila.
«Aurreiritzi asko daude errumaniarren inguruan eta modu txarrean bota dituzte azken familiak»
Astigarragan, kanpamenduan bizitakoa da, nahiz eta egun, plazako etxe batean bizi. Tarteka kanpamendura joaten zen. Mikel Goenagarekin harreman haundia zuen. «Mikelek asko lagundu zidan. Inor gutxik espero zuen, baina lehendabizi ikasketa unibertsitarioak amaitu nituen eta gero masterra atera ere bai. Berak bilatu zidan lehen lana».
Errumaniar komunitatea oso gertutik ezagutzen du eta bere herrialdean komunitate desberdinak daudela adierazten du. «Jende askok uste du Euskal Herrira etortzen diren errumaniar denak ijitoak direla eta hori ez da horrela. Komunitate desberdinak daude. Astigarragako kanpamenduan egon zirenak ere bi zatitan banatuta zeuden. Batzuk ijitoak ziren eta beste zati haundi bat ordea ez».
50 familiatik gora zeuden kanpamenduan eta etxe batean bizitzen jartzea lortu dutenak 12-14 izan dira.
Orain hutsik dago kanpamendua hilabete hasieran azken sei familiek Astigarraga utzi ondoren.
Oso kritiko agertzen da Ioan Mihai Sabaila gertatu den guztiarekin. «Modu txarrean bota dituzte. Inongo gizatasunik gabe. Gauzak oso gaizki egin dira. Hasteko kontratua ez zen amaitzen uztaila arte, gero umeak ikastolan zeuden eta kurtsoa amaitzen ere ez diete utzi eta gainera beste interes batzuk lehenetsi dira. Esaterako Abiadura Handiko trenaren lanak».
«Esku hartze programa azken urtean okertu egin zen, baina emaitza onak eduki ditu»
Orain bost urte esku hartze proiektua jarri zen martxan Astigarragan eta gero Hernanira zabaldu zen. Aintzindaria zinez eta orain izan duen emaitza aztertzeko garaia da kanpamendurik jada ez dagoenean.
«Proiektua ona zen. Mikel Goenaga oso gustora zegoen ekin zitzaion ibilbidearekin, baina azken urtean okertu egin zen. Hala ere emaitzak onak izan dira» Ioan Mihairen ustez.
«Elkarte eta instituzio batzuen helburua proiektua martxan jartzea zen eta ez errumaniarrei laguntzea.
Iritzi berekoa da Andoni Gartzia Bilduko zinegotzia Astigarragan eta proiektua martxan jarri zenean herriko alkatea zena. «Udala sartu zenerako, han ari zen lanean Mikel Goenaga».
Esku hartze proiektuaren asmoa familia horiek gizarteratzeko urratsak egitea zen, eta bitartean txaboletan bizitzen uztea, hantxe erroldatuta. Egitasmoan parte hartzeko, hainbat konpromiso hartzera behartu zituzten txaboletako bizilagunak, eta agiri batean horiek izenpetzera. Behin ate hori irekita, erroldatuta egoteak dakartzan eskubideak lortu zituzten familiek: osasun txartela izatea, esaterako, eta DSBL diru sarrerak bermatzeko laguntza kobratzen hastea -garai hartan indarrean zuen laguntza hori Gipuzkoako Diputazioak; egun desagertuta dago-. «Laguntza horrek egin zuen posible, hein batean, egitasmoa; asko erraztu zuen. Arrakastaren oinarrietako bat izan da».
«Hezkuntza eta gizatasuna tratuan. Hori da gakoa»
Ioan Mihaik, Andoni Gartzia bezalako pertsonen gizatasuna eta konpromezua goraipatzen du. «Andoni ez zen kanpamendura alkate bezala joaten. Bere tratua ez zen instituzio batetik pertsonekiko harremana. Ez. Andonik pertsonatik pertsonara zuzentzen zitzaien. Eta hori zen behar zutena. Laguntza, bolondresek egin dutena eta instituzioek egin ez dutena».
Mihai oso kritiko agertzen da proiektuak hartu zuen bidearekin. «Elkarte batzuk agertu ziren, baita instituzio batzuk ere non beraien helburua ez zen errumaniar komunitate horri laguntzea. Beraien lehentasuna proiektua martxan jartzea zen».
Horrek lana eta soldata edukitzea suposatzen zuen eta ez zuten komunitatearen ongizatea lehenesten, beraiena lehenetsi zuten Ioanen esanetan. «Dena instituzionalizatu eta burokrazia sartzen denean hoztu egiten dira giza harremanak. Gizatasuna behar zuten eta ez tekniko bat. Hurbileko jendeak emango zien laguntzarik hoberena. Astigarragako biztanleak esaterako. Oso ongi portatu dira beraiekin gehienak. Bizilagunek asko lagundu diete».
«Zertarako hasiko dira ikastaro bat egiten behar dutena dirua denean eta horretarako lana egin behar dutenean?» galdetzen du. «Familia guztiek ez zuten erritmo bera eta behar zena denbora, hezkuntza eta gizatasuna zen azken finean».
«Azken emaitza, bere argi-ilunekin pozik egotekoa izan da»
Astigarragako kanpamenduan 50 familiatik gora zeuden eta txabolak utzi eta etxe batean bizitzen jartzea lortu duten familiak 12-14 izan dira. Orain gutxi azken sei familiak Errumaniara bueltatu dira eta beste denak 30etik gora 2016 urtean bueltatu ziren beraien herrira. «2015. urte amaieran gauzak okertzen hasi ziren eta pasa den urtean, 2016an, familia asko etsituta Errumaniara itzuli ziren» argitzen du Ioan Mihai Sabalaik.
Andoni Gartziak esan berri du arrakastatsua izan dela proiektua. «Egitasmoari esker txabolak utzi eta etxe batean bizitzea lortu duten sendien kopurua aintzat hartzeko modukoa da. Hasi ginenean, esaten genuen: 'Familia batekin lortzen badugu, mereziko du'. Hasieratik genekien 50 familiekin ezingo zela lortu; asko dira, eta bakoitzak bere erritmoa du».
Ikuspuntu desberdina du Astigarragako egungo alkateak, Zorione Etxezarragak. Aurreko legealdian oposiziotik jarraitu zuten proiektua eta ilunak ikusten ditu eginiko bidean. «Dena ez da hain erromantikoa. Ditudan azken datuen arabera, hamalau bat familia bakarrik gizarteratu dira. Aztertu beharko litzateke zenbat baliabide erabili diren, zein zen helburua». Norabide argi baten falta antzeman du: «Hiru erakundeak sintonia berean, baina jakin gabe nora zihoazen».
Astigarragako alkatetzak proiektuan egon diren arazoak azpimarratu ditu
Proiektuan egon diren arazoak nabarmendu ditu Astigarragako alkatetzak orain gutxi argitaratutako erreportai batean. Adibidez arazo larria da, esaterako, etxebizitzaren arazoa konpondu gabe, txaboletan, prozesua bultzatzea; hain justu, ibaiertzean egoteagatik Ura agentziarekin arazoak izan zirela gogoraraziz.
Prozesua gehiegi luzatu izana ere nabarmendu du. Hernaniko lurretan zeuden familien egoera, alde horretatik, nahiko ongi joan zela uste du, baina Astigarragan hainbat sendiri ez aurrera eta ez atzera geratzen utzi zaiela, bereziki prozesuaren azken fasean. Ioan Mihai Sabaila ez dago batere ados Zorione Etxezarretak egin dituen adierazpenekin.
«Irakurri nituen pasa den astean eta ez zitzaizkidan gustatu. Guztiz okertuta dabil. Badakigu bizitza gogorra dela, askok baino hobeto. Gutxietsi egiten gaitu eta lehen aipatu ditudan aurreiritziz josita dago. Kanpamenduak guztiz alboratu dituzte, ez dute kasurik egin Udaleko agintean sartu direnetik. Beraien helburu hortik ahalik eta azkarren geratzen ziren familiak botatzea izan da. Astigarragako herrian ordea bilatu dute askok babes haundia. Izugarrizko aldea somatu dugu Gobernuan zegoen aurreko taldetik oraingora. Duela gutxirarte egon den alkateak harrerarik ere ez zuen egin nahi. Lanera eta bizitza aurrera ateratzera etortzen dira errumaniarrak. Eta badakite horretarako esfortzu bat egin behar dela. Ez baldin badira egoera hortik irten izan da errekurtso nahikorik ez zutelako. Mikel Goenaga bezalako jendea behar da, laguntzeko prest dagoena eta ez oztopoak eta laguntzeko prest ez dagoena».
Ioan mihai sabaila
«2021. urtean Timisoara hiria izango da Europako Kultura Hiriburu eta Sibiu izan zen 2007an»
Jendeak aurreiritzi asko dituela errumaniarrekiko uste du Ioan Mihaik. «Pasa den kurtsoan neska errumaniar bat izan zen nota altuena lortu zuena EHUn 9,98rekin, eta kultur sentsibilitatea daukagu».
Errumania herrialde sozialista izan zen urte askotan eta industrializazio haundia eduki zuena hiri eta herrialdeko leku askotan. Hezkuntza oso aurreratua izan zuen garai horietan eta kirolean esaterako munduko potentzi haundienetakoa zen.
Argi du Ioanek bere jatorria eta duten izaera. «Errumaniatik etorri garen denak ez gara kapritxoagatik etorri. Ez dugu Porche bat nahi eta izugarrizko etxea. Langileak gara, hezkuntza eduki dugu gure herrialdean, ofizioak baditugu eta herri garatua izan ginen. Beharrarengatik eta bizimodu hobe baten bila etorri ginen eta gara. Euskal Herriko Unibertsitatean azken urtean nota hoberena eduki duena errumaniar neska bat izan da 9,98rekin. Deuston ere errumaniar bat puntan egon da. Jende askok irudi okerra du gurekiko. Aurreiritzi asko».
Ioan Mihai Sabaila duela urte batzuk etorri zen eta Euskal Herrian egin du ibilbidea. Roberto Blanco, Asier Blanco eta berak Cultura Romaneasca-Errumaniar Kultura izeneko elkartea sortu zuten gero. Beraien helburua zen, errumaniarrentzako aldizkari bat sortzea eta egin zuten.
Transilvaniatik Valentziara eta handik Euskal Herrira
Ioan Mihai Sabaila gazterik atera zen Errumaniatik. Aita preso politikoa izan zela azaldu dio Kronikari eta egoera politikotik ihesi atera zela bere herrialdetik. Transilvaniakoa da, «Karpato mendikatearen alboan eta Drakula (Vlad Tepes) Kondeagatik ezaguna egin den lurraldea». Valentzian hasi zen lanean, eraikuntzan, eta handik Euskal Herrira etorri zen. Pasaian hasi zen lanean pertsona bati laguntzen eta aita bat bezala izan dela beretzat dio: «Berak erakutsi zidan euskal kultura zer den, herri hau ezagutzen eta maitatzen».
Kultur mugimenduetan buru belarri sartuta dabil eta azken urtean laguntza falta somatu du. «Donostia2016 kultur hiriburu izendatu zuten. Errumaniako Sibiu hiria 2007an izan zen kultur hiriburu eta 2021. urtean Timisoara, beste hiri errumaniarra izango da. Horren arira proiektu eta ekitaldi desberdinak aurkeztu genituen. Baina atsekabe galanta jaso genuen. Ez ziguten kasurik egin. Kultur sentsibilitate haundia dugun herria gara. Diskriminazio eta aurreiritzi asko dago errumaniar komunitatearekiko. Pena haundia da». Baina Ioanek bolondresen papera azpimarratzen du. «Lana aipagarria egin dute».