Mendi lasterketarako astebe geratzen da

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 13a, 02:00

Aurten ere mendiko korrikalariek Goizuetan dute zita. Gaur zortzi, datorren larunbatean, izanen da GoizuTrail, eta aurreko bi urteetako arrakasta ikusita, bi ibilbide izanen dira aukeran berriro: luzea, 25 kilometrokoa; eta motza, 10 kilometrokoa.
Ibilbideak, iazko berdinak izanen dira. Aitasemegi auzoan gora joanen dira denak, Eneko Elorriraino (680 m), eta herrira bueltan jaitsiko dira: helmuga izanen dute bertan motzekoek, eta bigarren zatia hasteko ordua, luzekoek. Alainzuriain auzotik segi, eta Mandoegira (1.045 m) igoko dira, gero arbasoen aztarnei segika jaisteko Goizuetara, harrespilen artetik. 1.636 metroko desnibela du eta mo­tzak 631 metro.
Goizeko 09:­00etan hasiko dira bi lasterketak, eta 07:30etatik aurrera izanen da aukera, dortsalak hartzeko edota azken izenemateak egiteko. Zenbakiak Goizuetako plazan banatuko dira egunean bertan eta bezperan Goizu­etako estankoan 18:00­etatik 20:00etara.

Hamaiketakoa, opariak eta sariak helmugan
Hala ere, aurretik egitea izaten da ohikoena, eta horretarako, interneten dago aukera: www.herri­krosa.eus. Proba luzerako, 20 euro dira, eta mo­tzerako 15 euro; goizuetarrek, 5 euro merkeago izanen dute. Egunean bertan, berriz, 25 eta 20 euro izanen dira kanpokoentzat, hurrenez hurren. 200 korrikalarirentzako izanen da lekua.
Partehartzaile bakoitzak, opariz betetako poltsa jasoko du, hamaiketakoa ere eskainiko dute helmugan, eta opariak zozketatuko dituzte. Aurrene­koentzat, berriz, sariak ere izanen dira: luzeko aurreneko hiru gizon eta emakumeei, 125, 75 eta 50 euro, eta aurreneko goizuetarrei 75 euro; eta ibilbide motzean, lehenengoari bi lagunentzako afaria, eta goizuetar onenei txuleta parea.
Lasterketako araudiak ai­pa­tzen duenaren arabera, ibilaldi motza 16 urtetik gorakoek egin ahal izanen dute. Bide luzea egiteko, aldiz, 18 urte beteta edukitzea ezinbestekoa izanen da. Bi maila egonen dira 18 urtetik gora seniorrak eta 45 urtetik gora beteranoen maila gizonezkoetan eta 40 urtetik gora emakumezkoetan.
Antolatzaileek azpimarratu dute, aurreko edizioetan herrian sortu den giroa: «eta laugarren honetan ere, seguru gaude errepikatuko dela, kontuan izanik Kintoen eguna ospatuko dela herrian. Goizetik gauera, egunpasa ederra egiteko aitzakia bikaina».

Ereñotzuko Mendi Lasterketa, bi aste
beranduago
GoizuTraili, Ereñotzuko Mendi Laster­ketak hartuko dio txanda, bi aste be­randuago, ekainaren 4an. Aurreko urteetako ibilbide bera izanen du, eta izenematea zabalik dago: interneten, www.kirolprobak.com web orrian; edo Hernaniko Ibai Mendi kirolak dendan. 12 euro dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!