Etzi izango da San Isidro, baserritarren eguna. Eta tradizioak dioen bezala, ondo ospatuko dute aurten ere, Astigarragan: hiru eguneko festa antolatu dute Zamalbide auzoan eta Bentetan, gaurtik astelehenera bitarte; eta Foru Plazan, San Isidro egunean bertan antolatu ditu urteroko ekintzak, Goldea elkartearen eskutik.
Gaur goizean lehertuko da itxaferoa, Zamalbide auzoko eta Bentetako festetan. 10:00etan izango da hori, eta festei bezala, hasiera emango dio haur eta gazteen egunari ere. Txikienei eskainitakoa izango baita, jaien aurrenekoa. Eta hori horrela, haur jolasak, puzgarriak eta tailerrak izango dituzte Perurenako frontoian, haur bazkaria Auzolan elkartean, Pello Añorgaren ipuinak, txokolatada... Eta eguraldi ona egiten badu, baita apar festa ere! Beraz, prestatu bainujantzia eta uretako oinetakoak!
Jubilatuen eguna, bihar
Eta gaztetxoenei bereziki eskainiko badiete gaurkoa, helduenei prestatutako eguna izango da biharkoa; jubilatuen eguna, hain zuzen ere. Mezaren ondoren, ez dira faltako salda eta bertsolariak. Eta bihar jokatuko dute, auzoko pala txapelketaren finala ere, eguerdian, Perurenako frontoian. Eta nola ez, omenaldi bazkaria izango dute jubilatuek, bertso artean.
Eta arratsaldean, herri kirol festa izango da Perurenan. Batetik, giza proban arituko da Emarri, eta erronka berria jarri du gainera! 56 plaza egin nahi ditu, hamar minutuko bi saiotan, bien artean beste hamar minutuko atsedena hartuta.
Eta bestetik, zaldi probatan arituko dira Joxe Inazio Zerain eta Andoni Mendizabal.
Idi proba, bazkaria eta bertsolariak izango dira etzi, San Isidro egunean Zamalbiden eta Foru Plazan.
San Isidro egunean,
idi proba eta bertsolariak
Astelehenean, San Isidro egunean, Zamalbiden eta Bentetan bezala, Foru Plazan ere izango da festa. Bietan egingo dituzte idi probak: Foru Plazan eguerdian, Loiuko Aurrekoetxearen idi parearekin, eta Mungiako Lopategiren lau idirekin, lauak uztarri berean; eta arratsaldean Perurenan, Intziñarte, Matxain eta Aburuzaren idiekin.
Bertsolarien saltsa ere ez da faltako bietan. Zamalbiden, Maialen Akizu eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa ariko dira bertsotan, mezaren ondoren. Eta Foru Plazan, urteroko bisita egingo dute San Isidro egunean, bi bertsolari haundik: Andoni Egañak eta Sebastian Lizasok.
Omenaldia, Inaxi Mugikari eta Moises Berrari
Eta bietan egingo dute, noski, baserritarren omenezko bazkaria ere. Auzolan elkartean egingo dute Zamalbidekoa, eta Gure Izarra elkartean Goldea elkarteak antolatutakoa. Bigarrenean, urtero bezala, bi baserritar omenduko dituzte: Martzine baserriko Inaxi Mugika Tolosa, eta Iriarte baserriko Moises Berra Urresti.
Goizean zehar, gainera, bi baserrietako animalien eta barazkien erakusketa jarriko dute, Foru Plazan bertan.
SAN ISIDRO EGUNA
Foru PlazanETZI, astelehena
Baserritarren eguna
09:30, Xapre trikitilariak.
10:00, Prozesioa eta meza.
Goizean zehar, Astigarragako Iriarte eta Martzine baserrietako animalien eta barazkien erakusketa.
11:00, Hamaiketako herrikoia, Gure Izarra elkartean.
12:30, Idi demak: Loiuko Iñigo Aurrekoetxearen idi parea eta Mungiako Iñaki Lopategiren lau idi (uztarri berean), elkarren kontra. 3.298 kiloko harriarekin, pisu librean eta 30 minututan.
Egunean zehar, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak.
14:30, Herriko bazkaria eta baserritar zaharrei omenaldia.
19:30, Txistularien topaketa, Foru plazatik abiatuta, Jose Ignazio Ansorenaren zuzendaritzapean.
ZAMALBIDE AUZOKO ETA BENTETAKO FESTAK
GAUR, larunbata
Haur eta gazteen eguna
10:00, Txupinazoa, jaiei hasiera emanez.
10:30-13:30, Haur jolasak, puzgarriak eta tailerrak, perurenako frontoian.
13:30, Haur bazkaria, Auzolan elkartean.
15:30, Pello Añorga ipuin kontalaria, Perurenako frontoiko lokalean.
16:00, Mus txapelketa, Auzolan elkartean.
16:30, Apar Festa, frontoiaren kanpoko aldean (eguraldi txarra egingo balu, tailerrak lokalean).
18:00, Txokolatada bizkotxoekin.
20:30, Afari herrikoia, musika giroarekin alaituta eta Txikiren bakarrizketarekin, Auzolan elkartean.BIHAR, igandea
Jubilatuen eguna
10:00, Herri meza.
11:00, Salda eta bertsolariak, eliz atarian: Anjel Mari Peñagarikano, Maialen Akizu eta Xamoa.
12:00, Auzoko 2garren Pala Txapelketako finala, Perurenako frontoian.
14:00, Jubilatuen omenaldiko bazkaria, bertsolariekin girotua, Auzolan elkartean.
18:00, Herri Kirol Festa: giza proban, Emarrik 56 plaza egiteko erronka; eta zaldi probatan, Joxe Inazio Zerain eta Andoni Mendizabal. Bertsolariak ere
arituko dira. Sarrera, doan.ETZI, astelehena
San Isidro eguna
10:45, San Isidro zaindariaren ibilbidea, elizaren inguruan.
11:00, Herri meza.
11:45, Salda eta bertsolariak, eliz atarian: Maialen Akizu eta Xamoa.
14:00, Lagun arteko bazkaria, Azolan elkartean.
18:00, Idi proba, Intziñarte (Rafa Irarreta), Matxain eta Aburuzarekin. Idi parea, 2.000 kiloko harriarekin, pisu librean. Sarrera, doan.