Martzine baserriko terrazan hartu gaitu Inaxi Mugika Tolosak, eta berehala azaldu da Moises Berra Urresti ere. Aurrez aurre bizi baitira biak, Santiomendiko kaxkoan, bidearen alde banatara. Eta biek jasoko dute omenaldia, aurtengo San Isidro eguneko jaian, Goldea elkartearen eskutik.
Notiziak sorpresaz harrapatu zituen biak, ez zuten espero omenaldia beraiek jasotzerik; «tokatu egin zaigu», diote. Eta gaineratu dute, barre algara artean, «ondo merezita» daukatela, «jo eta su lanean» aritu direlako urtetan. Baina barre algararik gabe ere, ederki merezita daukatela garbi ikusi du Goldeak, eta ez da gutxiagorako: baserriari eskainitako bizitza bat izan da beraiena.
«Ezkondu nintzenetik,
beti aritu naiz baserriko lanetan, baratzean edo animaliekin»
Baserritik kanpo ere, lana egindakoak dira biak, hala ere. Inaxik Astigarragako inprimategi batean egin zituen aurreneko lanak. 1939ko martxoaren 4an jaio, eta 16 urtera izan zen hori, udaletxeko eskolan ikasi ondoren, Adelaida andereñoarekin, 5 urte zituenetik 11 urtera arte. Garai hartan ere, eskolaz kanpoko orduak baserriko lanetan ematen zituen, inprimategian hasi zenean bezala. Bi urte egin zituen bertan, eta Hernaniko Gureola papeleran hasi zen gero: «24 urtera arte egon nintzen bertan, ezkondu arte. Gero, baserriko lanetara bueltatu nintzen. Gogorragoa da baserriko lana, fabrikakoa baino; baina senarrak eta biok, nahiago genuen baserrian bizi», dio berak.
Eta ordutik, baserriko lanetan buru-belarri aritu da: animaliekin, behiekin batez ere; eta baratzean. «Senarrak Michelinen egiten zuen lana, goizeko 05:00etan sartu eta 13:00ak arte, eta beraz, nik jetzi behar nituen behiak, adibidez». Makina bat lanetan aritua da baserrian, baina badu bat, gustora egin izan duena: «baratza gustatzen zitzaidan bereziki. Eta hori, makinarik ez zela garai hartan! Dena eskuz egin behar genuen...», kontatu digu. Adinak ere badauka zeresana horretan, Inaxik azaldu digunez: «gazteak ginen, eta gaztea zarenean bai, gustora egiten da lana. Baina gero, nekatu eta orduan gehiago kostatzen da... Nazkatu ere egin gara honezkero!», dio barrez.
Ama eta ahizparekin aritzen zen lanean, baserrian bezala, saltzen ere bai: «esnea Donostian saltzen genuen hasieran, eta debekatu zutenean, Gurelesari saldu behar izan genion. Baina gutxi kobratzen genuen, eta batzuetan, kobratu ere ez...».
«Papelerako turnoa bukatzean,
baserriko lanak egin behar nituen»
Papeleran aritu zen Moises ere, eta urte gehiago egin zituen berak: «18 urterekin hasi nintzen Papelera del Norten, eta 20 urtez aritu nintzen bertan. Goizeko, arratsaldeko edo gaueko turnoa izaten nuen, egunaren arabera; eta gainerako orduetan, baserriko lanak egin behar nituen». Bietan aritzen zen igualtsu, eta gerora, papelera itxi zutenean baserriko lanetan murgildu zenean ere, aldaketa haundirik ez zuen nabaritu. Baserrian beti bada lanik, eta papelera uztean, lan bikoitza egingo zuen baserrian... «Denetik egiten nuen: sega pikatzen, eskuarean... aritzen nintzen. Garai hartan, gainera, ez genuen eguraldiaren berri jakiten, eta txoratu egiten ginen belarrarekin, noiz moztu eta bilduko asmatzeko. Eta den-dena eskuz, noski!», dio Moisesek. Eta Inaxik gehitu: «Santiomendin, Moises eta beste bat bakarrik geratzen dira, sega pikatzen aritzen direnak».
Txikitatik aritutakoa da Moises, lan horietan. Foru Plazako eskolan ikasi zuen, 8 eta 12 urte bitartean, eta egunero, eskolatik bueltan, sega, igitaia eta aitzurra zituen zain. Soldaduskan ere aritu zen baserritar! Burgosen tokatu zitzaion egitea, eta ohiko betebeharrez gain, oiloak eta untxiak zaindu zituen, hango granjan.
«Pentsuaren prezioa gora doa urtero, eta txekorrak, aldiz, orain dela 40 urteko prezioan saltzen dira»
Etorkizuna, ordea, beltza ikusten diote baserriari; baserri txikiari, behintzat: «gauza guztietan ari da gertatzen, haundia geratu eta txikia desagertzen dela, eta baserriari hala gertatuko zaio. Galtzera doa baserri txikia. Granja haundiak jartzen ari dira, eta baserri txikien gainetik pasatzen ari dira», dio Inaxik.
Berak garbi dauka, gainera, baserriek etorkizuna izango badute, pentsuaren prezioak jaitsi beharra daukala: «pentsuak eramaten du diru guztia. Oso gaizki dago kontua. Urtero urtero ari da igotzen pentsuaren prezioa, eta aldiz, txekorrak orain dela 40 urteko prezioan saltzen dira. Eta jendea nazkatzen ari da, egoera horretaz».
Errazagoa baita, harategian erostea, baserritarrari baino: «zeinek erosiko du txekor osoa, harategian aukera daukanean nahi duen puxka bakarrik erosteko? Oraindik badira nahi dutenak, baina galdu egingo dira».
Oiloekin aritzen dira Martzine baserrian, eta egoera pixka bat hobea bada ere, ez daude ezer ospatzeko moduan: «oraindik bada jendea, estimatzen dituena baserriko oilaskoak eta arrautzak. Horiek badakite, zer den ona!».
Baina oiloak ondo hazteak bere lana dauka, eta bere kostua ere bai: «asko kostatzen da oiloak hazten, eta beraz, gero garestiago kobratu behar duzu. Baina jendeak ez du gehiago ordaindu nahi, ez dago prest...».
Bezeroek lan hori guztia estimatu edo ez, hainbeste urtetan egindako lanaren aitortza bai jasoko dutela biek, Inaxik eta Moisesek, astelehenean. Gure Izarra elkartean izango da, bazkari eder baten bueltan, urtero bezala. Oraingoan, beraiek izango dira protagonista: «guk beti ospatzen dugu San Isidro eguna, baserritarrontzat oso festa polita da. Eta aurtengoa, berezia izango da guretzat», aitortu dute.