Bakea eta bizikidetzaren gaia herritarrekin lantzeko nahiari jarraiki, saio partehartzailea antolatu du Hernaniko Bizikidetzaren aldeko herritarren ekimenak, Baketik fundazioaren laguntzarekin.
Bihar izango da topaketa, goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:30etara, Biterin.
Gaiari heltzea, helburu
Hilero biltzen den taldeak beharra ikusi zuen gaia herritarrekin jorratzeko, horregatik jo zuten Baketikera, saioa antolatzeko laguntza eskatzera. Beraien laguntzarekin, Open Space metodologia jarraitzen duen saioa antolatu dute. Horren arabera, eta Nola gustatuko litzaizuke bakea eta bizikidetza Hernanin eraikitzea? galderari erantzunez, gai desberdinak landuko dituzte, aldi berean eta espazio irekietan, eta herritarrak joan ahal izango dira iritzia ematera edo, besterik gabe, entzutera. Espazio batetik bestera modu librean aldatzeko aukera ere izango da.