«Edozein goizuetarren segimendua egin nahi duenak, ezinbestekoa izanen du liburu hau eskura izatea»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 6a, 02:00

Goizuetako dokumentu za­ha­rrak (1324-1918) liburua aurkeztu berri duzu. Doku­mentu zaharrak dira, beraz, liburuaren muina. Zer jaso­tzen da bertan? Zein da liburuaren helburua?
Labur esateko, tentatu ninduen beste titulu hauxe emanen nizuke: «Goizueta jendez mende». Alde horretatik esanen nuke, liburu honek, batez ere, balio duela goizuetar bakoitzak bere etxean menderik mende nor bizi izan den ikasteko; edo zabalago esanda: menderik mende nork bere etxearen segimendua egiteko. Esanen nuke horixe duela gorputza, eta horrexegatik esan nuen auzkezpenean, lehengo Goizuetako etxeen izenak liburua gogoan, hango etxe bakoi­tza jendez poztera datorrela liburu hau. Edozein goizuetarren segimendua egin nahi duenak, ezinbestekoa izanen baitu liburu hau eskura izatea.

Garai hartako dokumentuen aukeraketa egiten duzu, ezta? Bertan jasotzen direnetatik zein dokumentu nabarmenduko zenituzke? Zergatik?
Hasteko nik nabarmenduko ni­tuzkeenak, 1406ko eta 1510e­koa dira, ederki erakusten baitute Erdi Aroko jauntxoen ilunaldiaren ondoren, Orreagaren mende Goizueta nola gobernatua izan zen, bere biziarau guzietan: etxeak, janariak, ohiturak, etxabereak, larreak, ba­soak, burniolak, … Hortxe dau­de Goizuetak 1815ean bere autonomia osoa eskuratu zuen arteko bizilege guziak, Artiku­tza beti erdibidean ageri dela. 

«Liburu honek, batez ere, balio du goizuetar bakoitzak bere etxean menderik mende nor bizi izan den ikasteko»

Eta horiek aztertu eta aukeratzeko garaian, zein esango zenuke dela Patziku Perurenaren ekarpena? 
Dokumentuen balio sekulakoa hauspetik atera, eta inter­pre­ta­zio okerrik ez egiteko argibide ttiki batzuk eman izana. Horixe da nire ekarpena, liburu honekin hasi besterik egiten ez dudana. Ondotik etorriko diren lanekin frogatuko baitut joan den 130 urtean zenbateko er­gel­keriak esan diren gure jainko gehisko barkatuen ahotik: filo­logikoak, folklorikoak, mi­to­logikoak, nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak eta beste as­ko. Eta aprobetxatu nahi nuke esateko, Euskal Herri osoko politikan, eta bereziki Euskal­tzaindikoan, eliz/udal artxiboetako altxor ezin preziatuago hau, ahozko usarioaren osagarririk finena izanik, erabat des­preziatua dagoela gaur orain­dik.

«Herria jendez poztera baitator» azaldu duzu. Zergatik? Zer ikasi dezakete herritarrek dokumentu horietatik?  
Esan dut lehen: zer politagorik, nork bere etxearen historia men­derik mende ikastea baino? Baina badira beste kon­tu asko ere: 1555an herria kis­ka­li zenekoa, 1571ko bi seinora ga­bosena, elizako hilobi eta ban­­kuena,  aurreneko borda­rie­­na, higaldoena, lapurrena, urdeenak, karlistenak, barberenak, kintoenak, 1918ko gripealdian hildakoenak… Ah, eta 1897ko ordenantzak euskaraz, gure euskara berri hau arrotz egiten zaien xahar horiei go­mendatzen diet. Pilotari buruzko datu politak ere badira, ga­rai batean errebotean Azokatik Kotxo aldera aritzen zirela erakusten dutenak, edo egungo eskupilota hasieran “blé” izen ingelesarekin gure artera nola sartu zen erakusten duena. Nork esan?... Baina, bada ez bada diot: ergela behar du izan batek, datu horrek gure eskupilotari inolako meriturik kentzen diola pentsatzeko... 

«Zer politagorik, nork bere etxearen historia men­derik mende ikastea baino?

Ikerketa sakona dago, hortaz. Nola egiten duzu lan? Zein dira zure iturri nagusiak?
Batez ere Goizuetan bertako eliz/udal artxiboak. Hagitz onak eta aberatsak baititu.  Jende askori txokokeria irudituko zaio, baina, nik esan dezaket, inolako harrokeria edo apalkeria merkerik gabe, Goizuetako eta Leitzako eliz/udal artxiboak ongi samar aztertu izanak, Euskal Herri osorako balio duen datu fin asko ekarri didala eskura, eta ongi ikasi ere bai, joan den 130 urtez zenbat ergelkeria esan duen bere izenez aipatzea ere lotsa ematen didan euskaldun eminente askok. Dena dela, eliz/udal artxiboak, protokolo notarialekin osatu gabe, oso motz gelditzen dira. Horregatik sartu behar izan dut ordu asko Nafarroako Artxibo Handian ere. Eta hori guzia, inguruko maisu maistra xaharron ahozko iturri bizia sekulan atzendu gabe, jakina.   

Ikerlari gisa, zure ustez, herriaren historiaren berri izateak zer-nolako garrantzia dauka gaur egungo belaunaldientzat? Eta goizuetarrentzat?
Pentsa, joan den 50 urtean, zerbait esate arren, Parisi edo Madridi zaunka galdu dugun denbora, herrian herriko eliz eta udal artxiboetako altxorrak eguneratzen eta bertako kultura bizian txertatzen aprobetxatu izan bagenu? Pentsa nolakoa izanen zen gure inguruarekiko enpatia, gure kultura, gure fintasun politikoa…  Bai, hagitz gaizki eta berandu ga­biltza, baina oraindik zuzentze lan haundia egin genezake, noraezera ekarri dugun gizaldi gaztea, erabat kiskali baino lehen, elektrikan bezala, hirugarren kable berde honekin lurrera entxufatzen, eta eguneroko izate xaloari zentzua ematen.   

Datorren maiatzaren 19an aurkeztuko duzu liburua bertan, esanahi berezirik ba al dauka? Zer azalduko duzu bertan?
Erabateko esanahia. Nola ez, nire izate guzia zor diodan herrian... Egia esateko, gainera, aspaldiko sufrikario antzu baten akaberaren hasiera izatea espero dut. Giroak hala eskatzen baitu: urte askotako politika eskluiente ziztrin eta erabat kaltegarri baten ondoren, kontziliazio fin modura ospatu nahi bainuke nik, herritar ezberdin guzion argi/itzalak elkarrekin trata­tzen badakigula erakutsiz. Ilusiorik ez zait falta, baina ikusi egin behar. Horrexegatik, azalpen magistralak eman baino gehiago, elkarren arteko zalantzak eta kezkak argitzen saiatu nahiko nuke, lagun arte erne eta bixian, eta ez orain oso modan jartzen ari den onkeria zuri negartian. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!