Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako sei mailetako ordezkariak udaletxeko Pleno aretoan bildu ziren atzo, Zorione Etxezarraga alkatearekin eta Ramon Aranzasti mugikortasun zinegotziarekin.
Bertan, Eskola Agenda 21 programaren bueltan landu dituzten proposamenen berri eman zieten, herriko mugikortasun baliabideak hobetzeko.
«Badago zer hobetu»
Lehen Hezkuntzako aurreneko bi mailetako ikasleek mugikortasunari buruzko galderak egin dituzte etxean; 3 eta 4 mailetakoek, mugikortasun arazoak dituztenen azalean jarrita aztertu dituzte herriko kaleak; eta 5 eta 6 mailetakoek, mugikortasun arauak betetzen ote diren ikertu dute.
Guztiarekin, ikusi dute «Udalak herriko mugikortasuna hobetzeko neurri ugari hartu dituela», baina «oraindik badago zer hobetu», diote.
Horregatik, atzokoan «mugikortasun seguru, arduratsu eta jasangarri baten alde» egiteko proposamenak aurkeztu eta txostena helarazi zieten Udal ordezkariei. Besteak beste, ikusmen edota mugikortasun arazoak dituztenei laguntzeko neurriak, argiztapena hobetzeko aholkuak, edota oinezkoen eta kotxeen arteko oreka bilatzeko proposamenak bildu zituzten.
Alkateak eskerrak eman zizkien egindako lanagatik, eta etxerako lanak jarri zituen: «gureak, zuen proposamenei erantzutea, eta zuenak, guk betetzen ote ditugun ikustea».