Mendia eta korrikalariak izanen dira protagonista Goizuetan, beste urte batez, hiru aste barru. Horixe besterik ez da gelditzen, GoizuTrail mendi lasterketaren laugarren edizioa ospatzeko; eta horixe da geratzen zaiena korrikalariei, egutegian gorriz markatutako zitara sasoi betean iristeko!
Bi ibilbide izanen dira aukeran, aurten ere: 25 kilometrokoa bata, 1.636 metroko desnibel positiboa daukana, Eneko Elorrira eta Mandoegira igota; eta laburragoa bestea, 10 kilometrokoa eta 631 metroko desnibel positiboa izanen duena, soilik Eneko Elorrira igota. Goizeko 09:00etan abiatuko dira biak.
Izenemateak: ‘www.herrikrosa.eus’
Izena emateko epea zabalik dago, interneten, www.herrikrosa.eus web orrian. Lasterketa luzerako, 20 euro dira, eta laburrerako, 15 euro. Goizuetarrek, 5 euroko deskontua izanen dute, bi lasterketetako izenematean.