«Elkarrizketa eta entzumena landuz elkar ulertzeko bidea jorratu dezagun». Hori da, hain zuzen, datorren larunbatean egingo den Hernanin bakea eta bizikidetza eraikitzen saio partehartzailearen helburua.
Biterin izango da jardunaldia, goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:30etara.
Bizikidetzaren aldeko taldearen, ekimenez
Hernaniko Bizikidetzaren aldeko herritar taldearen ekimenez egingo dute saio partehartzailea: «gaia kalera atera nahi genuen; jendea lasai elkartzea, askatasunez etorrita, eta aprobetxatzea batak bestea entzuteko, eta barruan dituenak esateko», azaldu dute Iratxe Ugalde eta Yon Nabarro taldeko kideek. Udalaren eta bertako alderdi guztien babesa dutela jakinarazi dute, baina argitu dute «saioa irekita edozein herritarrei irekita dagoela». Azken finean diote: «gero eta aniztasun haundiagoa egon, hobe».
Goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:30etara izango da saioa.
Open Space metodologia, Baketiken eskutik
Jardunaldia aurrera eramateko, duela hilabete batzuk aurkeztu zuten herritarren taldeak Baketik Fundaziora jo zuen, eta ikusi zuten, Open Space metodologia dela beraien nahiara hoberen egokitzen zen lan egiteko modua. Izan ere, «herritarren kezka nagusiak identifikatu eta bizikidetzaren inguruan izan ditzaketen ideiak eta ekarpenak ahalik eta hoberen jasotzeko eta, azken finean, hausnarketa kolektibo hori askatasunez, baina modu antolatu eta probetxugarri batean egiteko» aukera ematen du.
Eztabaidak gaika
Saioaren hasieran, partehartzaileek orri batean galdera honi erantzun beharko diote: Nola gustatuko litzaizuke bakea eta bizikidetza Hernanin eraikitzea? Ondoren, ideia guztiak bildu eta agenda moduko bat osatuko da, gaika, eta horiek landuko dira aldibereko bileretan: «bilera irekiak izango dira, nahi duenak entzun bakarrik egingo du, eta zutitu eta bileraz aldatzeko aukera ere izango du, gustora ez dagoenak», azaldu dute.