Final laurdenetan da Hernani, Berria Txapelketan, atzo Markinaren kontra nagusitu ondoren (2-1). Seniorren eta kadeteen partiduak irabazi zituzten hernaniarrek, eta bere aurreneko koxka gainditu zuten, kluben arteko txapelketa garrantzitsuenean.
Alderantzizko ordenean jokatu zituzten partiduak atzo, eta seniorrak izan ziren kantxan aurrenekoak, lanera joan beharra zeukalako markinar batek. Eta partidu hori klabea izango zela jakinda, ezin hobeto erantzun zuten Paul Ojuelek eta Eneko Aizpitartek (22-17).
Partidu hori poltsikoan, pronostikoak betetzea behar zuen Hernanik, eta hala izan zen. Aukerarik ez zuten izan Garikoitz Arizmendik eta Ekaitz Insaustik, jubeniletan, Euskal Herriko txapeldunen kontra, eta 5-22 galdu zuten. Baina kontrakoa gertatu zen kadeteetan: faborito ziren Garmendia eta Oihan Zugasti, eta erraz nagusitu ziren (22-3).
Orain, ekainaren 4a izango dute final laurdenetakoa.