Aurten ere, ez du babestuko Hernani Erabaki prozesu partehartzailea, Hernaniko EAJk. Hala jakinarazi du, prentsa ohar baten bitartez: «2017an ere, proiektua ez babestea erabaki dugu», azaldu dute.
Gogorarazi dute, 2016an dagoeneko alde batera utzi zutela prozesua, ikusi zutenean «EH Bilduk herritarren bi eskaera ezabatu zituela, atez atekoari buruzko erreferendum batekin lotutakoak, argudiatuz beraien hauteskunde programaren barruan zegoela hori».
«Konfirmatu digute, aurten ere ezabatuko dituztela, atez atekoari buruzko eskaerak»
Andoni Amonarraizek, EAJren bozeramaileak, azaldu du bi bilera izan dituztela Luis Intxauspe alkatearekin: «konfirmatu digute, aurten ere ezabatuko dituztela, atez atekoarekin lotura daukaten eskaerak. Eta oraingoan, erabiliko duten arrazoia izango da, ez luketela ingurumena errespetatuko».
Modu berean, EAJk azaleratu nahi izan du, «udaletxe askok» aldatu dutela hondakinen bilketa sistema, «baita EH Bilduk gehiengo absolutuarekin gobernatutakoek ere», eta emaitzak «antzekoak edota hobeak direla, Hernanikoen aldean», nabarmendu du.
Eta azkenik, hernaniarrei argitu die, partehartze prozesu irekien alde dagoela, «oztoporik gabekoak, gure konpetentziakoak diren proposamenak bozkatu daitezela, eta alderdi politiko batek ere ez ditzala erabili argudio zaharkituak, postura politikoak defendatzeko», adierazi du.