Dagoeneko hasita dago 2016ko Errenta Aitorpenaren kanpaina, eta urtero bezala, euskeraz egiteko deia luzatu dute hainbat erakunde eta udalek.
Horien artean dago Goizueta, Arano, Areso eta Leitzako Euskara Zerbitzua; lau udalek egin dute bat UEMAren kanpainarekin, eta beraz, beren herritarrek aitorpena euskeraz egin dezaten proposatuko dute.
«Administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da»
Azaldu dutenez, «errenta aitorpenaren kanpainarekin, herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskerazkoak izan daitezen bultzatu nahi dugu». Izan ere, Udalen eta UEMAren ustez, «errenta aitorpena euskeraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen da».
Hain zuzen, diote: «administrazioa euskalduntzeko duen eraginagatik, euskeraren normalizaziorako bidean, udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskeraz egitea».
Baina, horretarako, herritarren parte-hartzea eskatzen ari dira: «urratsa sendoa izan dadin, ordea, herritarren babesa eta parte-hartzea beharrezkoa da, eta hautu horretan eragin nahi du aurtengo kanpainak, euskerak dagokion lekua izan dezan administrazio publikoan».
Euskeraz aitorpena, erraztasunez
Errenta Aitorpena egiterakoan, erraza da euskeraren alde egitea, izan ere, herritarrek «lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi duten aukera dezakete, eta euskeraz egiteko ez dago aparteko zailtasunik».