«Ez da ohiko karrera bat, desberdina da; oso polita parte hartzeko edo ikusteko»

Kronika - Erredakzioa 2017ko mai. 6a, 02:00

«Ez da karrera profesional bat, edozeinentzako moduko festa bat da Eternal Runninga. Eta ez da ohiko karrera bat, desberdina da, ikusgarria», diote Ismael Mateok, Hernaniko Denontzat gimnasioko arduradunak; eta Ruben Lopezek, Eternal Ru­nni­ng zirkuituko antolatzaileak.
Obstakuloak dira aurreneko berezitasuna: lasterketa ba­koi­tzean, makina bat proba izango dituzte partehartzaileek, gainditu beharreko obstakulo pila bat. Lasterketa nagusian, igandekoan, 80 obstakulo izango di­tuzte, 10 kilometroko ibilbidean.

Sei proba asteburu batean, aurrenekoz Hernanin
Baina beste bost lasterketa  egingo dira Hernanin: Sprint, Gauekoa, Supersprint, Kids eta Bikoteen lasterketa. Ostiralean hasi, eta igandera bitarte izango dira probak, Sagastialdeko atle­tismo pistan. «2002an Eter­nal Running sortu genuenetik, au­rreneko aldia izango da, Esta­tuan sei proba egiten ditugula asteburu berean. Kolonbian bakarrik egin dugu, behin».

Izena emateko aukera, interneten eta gimnasioan
Milaka partehartzaile espero dituzte antolatzaileek; bereziki, proba nagusian eta gauekoan. Izena emateko epea, dagoeneko zabalik dago. Bi aukera dau­de, apuntatzeko: internet bidez, www.eternalrunninginvencible.com web orrian; edo De­non­tzat gimnasioan (Florida 110). Gimnasioan bertan egingo da proba bat, osorik; eta beste bat ere bertatik pasatzea nahi dute. Gainerakoak, atletismo pistan hasi eta bukatuko dira, baina ibilbidea «sekretua da», azaldu dutenez.
Nabarmendu dute, egiteko oso proba dibertigarriak direla; baina parte hartu gabe ere, oso ederrak direla, ikustera joateko: «oso ikusgarriak dira».
Horregatik, herritarrak animatu nahi dituzte, gerturatzera: «izugarria da espektakulu hau etxe ondoan edukitzea. Ez da erraza, Hernani bezalako herri batera, montaje hau guztia ekartzea. Eta beraz, nahi dugu herritarrak horren parte sentitzea», azpimarratu dute.
«Eta Hernanira ekarri ba­du­gu, izan da Ismael Mateo bera izan zelako irabazlea, aurreko urteko zirkuituan», dio Lopezek.
Telebista programa bat ere badaukate orain, ETBn, Invictus izenekoa. Irailean hasiko dira emititzen, eta bertan, hainbat lagun entrenatuko dituzte, De­nontzaten, Eternal Running pro­betarako: «mun­duan obs­ta­kulo proben zirkuitu bakarra da, telebista saio bat daukana». 

Mozorro lehiaketa, ardoa, garagardoa, txutxeriak...

«Imajinatu pertsona bat, Spidermanez jantzita, mota guztietako obstakuloak gainditu nahian»

Eternal Running zirkuituko liderrak egongo dira, baina denak ez dira lehiatzera joango: «dibertsioa ziurtatuta dago».

Proba bereziak dira Eternal Runningekoak, eta partehar­tzaileen aniztasunak erakusten du hori: «elkartuko dira hegan egiten duten partehartzaileak, eta ibilbidea osatzeko hiru ordu beharko dituztenak», dio Ruben Lopez antolatzaileak.

Lasterketa ziztu batean egin­go duten horiek dira, besteak beste, Eternal Running zirkuituan lider daudenak: «Rafael Martinez andaluziarra eta Al­mu­dena Carvajal andoaindarra, liderrak, bertan izango dira, eta baita Izaskun Cantabella oiartzuarra ere, bigarrena».

Mozorrotuta, asko
Baina denak ez dira lehiatzera aterako, ondo pasatzera baizik: «atzekoak izaten dira, ondoen pasatzen dutenak. Esate baterako, beraiek dira abituallamentu bereziaz gozatzen dutenak. Ardoa, garagardoa, txutxe­riak... Denetik jartzen dugu!». 
Eta beste mutur horretan, asko izaten dira, gainera, mo­zo­rrotuta ateratzen direnak: «imajinatu per­tsona bat, Spi­der­­manez jantzita, mota guztietako obstakuloak gainditu nahian. Izugarria da!», dio Lopezek.
Are gehiago, mozorro lehiaketa ere egiten dute probetan, eta onenari, saria ematen dio­te. Eta argazki lehiaketa ere izango da, bai parte hartzen dutenentzat, eta baita ikusleentzat ere. Festa bat izatea nahi dute: «dibertsioa ziurtatuta dago». 

Sei proba, gustu guztietarako

Sprint Maiatzak 12, 16:00

«Obstakuluetan espezialistak direnentzako proba da»

Sprint izeneko probak emango dio hasiera, asteburuko festari. Ostiral arratsaldean izango da, 16:00etan; eta izenak dioen bezala, proba motza eta azkarra izango da. 
Zehazki, kilometro bateko ibilbidea osatu beharko dute partehar­tzaileek, baina kilometro horretan, 40 obstakulo topatuko dituzte bidean, banan banan gainditu beharrekoak: «oso proba explosiboa eta teknikoa da, obstakuloetan espezialistak direnentzat egokia. Distantzia luzean aguantatu ezin dutenek, proba ona dute hau», azaldu dute antolatzaileek. 150-200 partehar­tzaile espero dituzte.
Eta anekdota bat ere kontatu du Ruben Lopezek: «Ismael Mateok egin zuen aurreneko proba, sprint motakoa izan zen, Quintanar del Reyn; han engantxatu zen».

Gauekoa Maiatzak 12, 21:00

«Oso proba dibertigarria eta berezia da, ilargi betearekin»

Ostiralean izango da bigarren proba ere, gauekoa. Ilargi betea jarri diote izena; hain zuzen ere, ostiralean bertan izango delako ilargi betea: «oso polita izango da, ilargiaren argipean egitea proba».
Gaueko 21:00etan hasita, bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute partehartzaileek, tartean 40 obstakulo dituztela: «proba hau ez da hain espezialistak direnentzat. Oso dibertigarria da, eta beraz, ondo pasa nahi dutenentzat, primerakoa. Grazia dauka, frontalarekin egin beharko dutelako proba».
Azaldu dute, gainera, «oso proba berezia» dela, eta urtean oso gutxitan egiten dutela. 500 lagun inguru aterako dira proban, eta nabarmendu dute, proba egokia dela gauekoa, Eternal Runningaren munduan hasi nahi dutenentzat.

Supersprint Maiatzak 13, 10:00

«Explosiboena eta teknikoena, kanporaketa bidez izango da»

Denontzat gimnasioan egingo da proba bat, Supersprint izenekoa, oso-osorik. Hori izango da probaren berezitasunetako bat, lokalaren barruan izango dela; eta bestea, kanporaketa bidez izango dela.
Floridako gimnasioan elkartuko dira 50 bat partehartzaile inguru, larunbatean goizeko 10:00etan, eta biren arteko kanporaketak izango dira: bata bestearen kontra, buruz buru; eta irabazten duenak, aurrera egingo du hurrengo fasera. Eta horrela, final haundira arte!
«Ikusgarria izango da! Ikustera joateko, oso polita. Ismaelek gimnasioan dauzkan trasto guztiak erabiliko dituzte, konpetitzen duten bitar­tean. Proba teknikoena eta explo­siboena izango da, obstakulu­etan espezialista onenak direnen­tzat egokiena», dio Ruben Lopezek.

Kids Maiatzak 13, 16:00

«Haurrentzako proba da, eta gurasoek pasako dute ondoen!»

Haurrek ere izango dute bere tokia eta parte hartzeko aukera, Eternal Runningaren festan. Kids izenekoa, haurrentzako proba izango da, larunbatean 16:00etan.
5 eta 12 urte bitarteko txikientzako proba prestatu dute, kilometro batekoa, 25 obstakulorekin: «noski, ez dira izango beste probetako obstakulo berdinak, errazagoak izango dira», argitu dute.
150 bat haur espero dituzte proba horretan, eta aurreratu dute, «oso dibertigarria» izango dela: «gurasoek pasako dute ondoen, ikusita nola ibiltzen diren beraien seme-alabak lurretik arrastaka eta obstakuluak pasa nahian, beraiek ibiltzen diren bezala. Eta haurrek, berriz, aukera daukate beti nahi izaten dutena egiteko, gurasoek egiten dituzten probak egiteko haiek ere».

Bikoteak Maiatzak 13, 19:00

«Probaren grazia da, eskuetatik lotuta joango direla bikoteak!»

Baina banaka bakarrik ez, bikoteka ere arituko dira partehartzaileak, probetako batean. Larunbat arratsal­dean izango da hori, haurren probaren ondoren, 19:00etan.
Hiru kategoria desberdin izango dira, bikotea nola osatuta dagoen arabera: mixtoa (neska-mutil), nes­ka-neska, edo mutil-mutil. Guztira, 80-100 bikote inguru espero dituzte.
Eta elkarrekin, osatu beharko dute bost kilometroko ibilbidea, 40 obstakulorekin. Ezingo dute separatu... ezta nahita ere! Izan ere, soka batekin eskutik lotuta egingo dute proba: «probaren grazia hori da!», diote antolatzaileek; «obstakulo ba­tzuk banan banan pasatu beharrekoak dira, eta lotuta joango dira!».
Oso proba azkarra izango dela diote, baina izango dituzte komeria batzuk ere!

Eternal Running Maiatzak 14, 11:00

«Ikuskizun haundia izango da, milaka partehartzailerekin»

Igandean izango da proba nagusia, Eternal Running izena hartzen du­ena: 10 kilometro eta 80 obstakulo. «Milaka pertsona izango dira, 3000 edo 4000 partehartzaile, obstakuloz obstakulo», aurreratu dute.
Obstakulo batzuk, gainera, igandeko proban estreinatuko dituzte: «pista intxable izugarri bat, salto del tigre izenekoa, tirolina bat, eta deslizadorea. Aurrenekoz jarriko ditugu lauak, Eternal Runningeko proba batean», azaldu dute.
Goizeko 11:00etan hasiko da, eta «oso dibertigarria» da parte hartzeko: «mozorrotuta joaten dira asko, mozorro lehiaketa ere badagoelako. Eta argazki lehiaketa ere bai; parte hartzen dutenentzat, eta baita ikusleentzat ere». Eta nabarmendu dute, ikusteko ere oso polita dela: «ikuskizun haundia izango da». 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!