Datorren asteartean, maiatzaren 9an, goizeko 11:00etan, Eskola Agenda 21aren Udalbatza Berezia izango da Astigarragako Udaletxeko udalbatza aretoan. Bertan, Astigarragako Herri Eskolako ikasleek ikasturtean zehar egin duten lanaren emaitza azalduko dute. Ikasturte honetan, Energia eta mugikortasuna II gaia landu dute hainbat mailatan: curriculum mailan, sortzen diren arazoak ikasgai desberdinetan landu dituzte; ikastetxearen kudeaketa ere aztertu dute eta zenbait hobekuntza proposatu dituzte; azkenik, herriaren egoera aztertzeko hainbat kanpo jarduera egin dituzte.
Herriaren eta jendartearen egoera aztertzeko hiru jarduera desberdin egin dituzte, guztiontzako herri jasangarriarekin zerikusia duten aldagai desberdinei buruzko hausnarketak egiteko asmoz.
Datorren asteartean, azken jarduera hauen emaitzak azalduko dizkiete Udal arduradunei eta Astigarragako herritarrei, hau da, herriari buruzko ondorioak, ikasleek hartu dituzten konpromisoak eta, azkenik, herriaren hobekuntzarako proposamenak.
Udal ordezkariek eskaerei erantzuna emango diete, eta herritarrek ere gaiaren inguruko iradokizunak edo galderak egiteko tartea izango da udalbatza aretoan.