Azken liburua argitaratu berri du Miguel Usabiaga hernaniarrak; Muerte en el Aubisque. Frantziako Tourrean izandako hildako batzuen kasua ikertu zuen Thorez komisarioak Usabiagaren aurreko lanean, El caso Martana liburuan, eta oraingoan ere, bera izango da protagonista.
Operacion Puerto kasuan oinarritu da Usabiaga, baina istorio horren barruan, beste bat ere kontatuko du, 77ko gizartearen aldaketak, Frankismoaren ondorenak ekarritakoak bizi izan zituen txirrindulari gazte baten ahotik.
«200 odol poltsa daude oraindik, izenik jarri gabe»
Liburu honetan aurreko laneko protagonistari ikerketa berri bat jarri dio esku artean, Usabiagak; txirrindularitzaren munduan izan den dopaje kasu ezagunenetako bat. «Operacion Puerto kasuaren analogia bat da. Komisario frantziarrak Jacara bidaia egiten du, laguntza eskatu dion komisario murtziarrarekin elkartzeko, baina iristen denerako hilda topatuko du, eta susmoa hartuko du. Beraz, Jacan gelditzea erabakitzen du, bere lagunarekin elkartzekoa zen txirrindulari bat, informatzaile anonimo bat ezagutzeko».
Komisario horren itzalpean, txirrindularitzaren mundua astindu zuen kasuari kritika zorrotza egiten dio Usabiagak. «Komisarioak ikertzen jarraitzea erabakitzen du, iruditzen zaiolako dopaje kasu ikaragarri baten aurrean, konplize asko izan direla, guztia tapatzeko. Operacion Puerto kasuaren analogia da, baina fikzioa. Hala ere, informe ofiziala gehitu diot bukaeran, prentsan argitaratu zena, ikusteko, errealitateak gainditu egiten duela fikzioa. Txirrindularitza pasioa dut; Operacion Puerto, ebidentziaz betetako kasu estalia izan da. 200 odol poltsa daude oraindik, izenik jarri gabe. Horregatik, hari morala dauka liburuak; kontakizun gogorra da, baina ustelkerian erori ez direnak ere badira».
Txirrindularitzaren historia, eta Memoria Historikoa
Istorio nagusi horren atzean, ordea, bada beste bat ere. «Istorio bat txirrindularitzari lotutakoa da, eta bestea, panpin errusiarren moduan agertzen da, txirrindulari batek bere kontakizunean gogoratzen duelako 16 urterekin autostop eginez egindako bidaia. 77 urtean kokatzen du horrek, Espainian aldaketak izan ziren garai horretan, diktaduraren ondorenean. Iniziazio nobelak gustatzen zaizkit; pertsonaia eraldatu egiten da, eta horrekin, irakurlea ere bai. Gogoa neukan hau ere kontatzeko, iruditzen baitzait ez dela asko kontatu Frankismoaren ondorengo aldaketen inguruan, guztia bizi izan zuen gazte baten ahotik».
Eta horrela, bete-betean, Memoria Historikoa berreskuratzeko lanari heldu dio Miguel Usabiagak, berriro ere. «Nere omenalditxoak egiten ditut. Gauza konplexuak gustatzen zaizkit, bizitza bera bezalakoak. Horregatik, protagonistak Jacako hotelean bildu ditut, Galán eta García Hernández komisarioek 1930ean errepublikaren aldeko matxinada prestatu zuten leku berean».
«Txirrindularitza lasterketa batek libratu zuen aita, fusilatuta hiltzetik»
Memoria Historikoa berreskuratzeko lanean asko sakondu du orain arte Miguel Usabiagak, bereziki, aitaren, Marcelo Usabiagaren kontakizunak zabalduz.
«Aitaren lagun batek kontatu zidan Martano txirrindulariaren kasua; nola utzi zuen barregarri Mussolini diktadorea. Eta horixe izan zen El caso Martana eta liburu honen hazia ere».
Kasu honetan, beraz, ez dira aitaren bizipenak ageri, zuzenean. Baina bai Miguel Usabiagak txirrindularitzari dion pasioaren oinarrian. «Ikasle sindikatu batean ibiltzen zen aita, Donostiako Komertzio Eskolan ikasten ari zela, eta txirrindularitza lasterketak egiten zituzten. Hain zuzen, lasterketa batek libratu zuen aita, fusilatuta hiltzetik! Donostia, Oiartzun eta Astigarragan barrena egiten zuten lasterketa, eta aita erori egin zen, ‘gitarraren aldapan’. Helmugara iritsi zen, baina konortea galdu zuen, eta irundarra zenez, bertako Gurutze Gorrira eraman zuten. Han Sor Carmenek zaindu zuen, eta harreman ona egin zuten. Handik urte batzuetara, Valentzian atxilotuta zegoela, heriotza zigorra jarri zioten aitari, gorri separatista izateagatik, eta, haien esanetan, Irun erre eta fusilamenduak egiteagatik. Bi minutuko epaiketa militarrak izaten ziren, baina aitari bururatu zitzaion Sor Carmen aipatzea; Irun erre zutenean harekin izan baitzen berriro, bala batek egindako zauria zaintzen. Eta Sor Carmenek egia zela berretsi zuen».
«Kontatu gabe daudenak kontatzea, aberasgarria da»
Beharra edota obligazioa; Miguel Usabiaga idaztera bultzatzen duten bi sentimendu dira, eta beste proiektu batzuk badauzka, dagoeneko, esku artean.
«Aitaren testigantza jaso ahal izatea pribilegioa izan da, eta obligazio morala sentitu izan dut galtzaileen, ezer eskatu gabe dena eman zuten, ahaztuen historia kontatzeko. Literatura ulertzen dut historia kontatzeko modu gisa, norberaren esperientzian oinarritzen dena, baina unibertsalizatu daitekeena. Nik asko jaso dut aitaren eta bere lagunengandik, eta sedimentu hori hor dago. Bukatzen den arte segiko dut. Kontatu gabe daudenak kontatzea, aberasgarria da».
Urte askotan, «ia 2000 urtera arte, tabua izan da historia hori guztia» Usabiagaren esanetan, eta «oraindik kontatzeko asko» dagoela uste du, nahiz eta nolabait, hasi den guztia pixkanaka azaleratzen.
Hain zuzen, aitaren bizitzaren bigarren pasartea biltzen ari da, beste lan batean. «Aurrenekoa bukatu nuen kartzelatik atera zenean. Ordura arte heroia izan zen. Baina 60an atera zenean, ez zuen aurkitu berak utzitako gizarte ameslaria, promesaz betea. Frankismoaren garai grisak ziren. Horrela, Hernanin bizitako pasarteak, Orbegozoko fabrikan bizitakoak ere kontatu nahi ditut».
Horrez gain, beste lan batean Donostiaren alde errebeldea azaleratu nahi du; «bertako leku eta pertsona errebeldeak ezagutarazi nahi ditut. Memoria Historikoak asko dauka oraindik, kontatzeko».