Igor Genua Sistiaga Madrilen da Espainiako zazpiko selekzioarekin kontzentratuta maiatzean, ekainean eta uztailean dituzten txapelketei begira. Prestaketa lanak hasi dituzte. «Maiatzaren 13an eta 14an Parisen jokatu behar ditugu Munduko Serieak eta hortik astebetera, maiatzaren 20an eta 21ean, Munduko Serietako finalak jokatuko dira Londresen».
Ondoren Europako Txapelketa etorriko da. «Moskun ekainaren 3 eta 4ean, Lodzen (Polonia) ekainaren 10 eta 11ean, Lyonen ekainaren 24 eta 25ean eta Exeterren (Ingalaterra) uztailaren 15 eta 16ean. Europako Txapelketa hau, datorren urtean, San Franciscon egingo den Munduko Txapelketarako sailkapena izaten da. Europako talde indartsuenak; Ingalaterra, Gales, Eskozia eta Frantzia sailkaturik daude eta beste bi postu daude jokoan. 16 selekziok jokatuko dugu taldetan. Beraz uztaila erdirarte badut entretenimendua».
Hala ere etxera etortzeko beta izango du tartean. «Maiatzaren 22an inguru bueltatuko naiz Hernanira, baina pentsa ekainaren 3an berriz ere Moskun egongo naizela jokatzen. Egun gutxi ditut etxean egoteko».
San Joan egunean ere Lyonen egongo da Europako txapelketan eta ondoren tartetxo bat izango du berriz ere etxean lasai egoteko Exeterera joan baino lehen. «Europako jardunaldiak hiri berdinetan ospatzen dira. Badira hiru urte Moskura joaten garena. Gainera beti nire urtebetetzeak bertan ospatzea suertatzen da. Ekainaren 5ean betetzen ditut eta aurten ere buelta horretan jokatzen dugu Errusian».
Apirilean Espainiako selekzioak, Hong Kongen jokatu zen Munduko Seriean, datorren urteko serie guztietan parte hartzea lortu zuen. «Bi aste lehenago elkartu ginen Madrilen eta gero sailkatzea lortu genuen. Urtarrilean ere jokatu genituen lagunarteko batzuk Portugal eta Irlandaren aurka. Partidu horiek prestatzeko trainning camp-ak antolatzen dira, hau da astebeteko kontzentrazioak».
Beken zain daude jokalariak
Aurtengo denboraldian ez Igor eta ez bere taldekideak ez daude bekatuak. «Oso garrantzitsua da horretarako Europako Txapelketan lortutako emaitza. CSD-ek horren arabera eman ditzazke bekak edo ez. Munduko Serietarako sailkatuak gaude, baino ez dakigu zer gertatuko den datorren urtean. Ez dakigu dirurik egongo den edo ez. Ez baldin badago dirurik jokalari onak zazpiko selekzioan mantentzeko, udaran taldeekin fitxatzen dute eta gero ezin da jokalari horiekin kontatu taldean».
Laguntzak iristen dira beste bide batzutatik. Munduko Serietara sailkatzeagatik World Rugbyak laguntza bat eskaintzen du. «Diru hori ez da nahikoa. Maila horretan aritzeko bi talde behar dira edo hiru ere bai jendea maila horretara ohitzeko. Orain gazte bat, bapatean, taldean sartu ezkero galduta ibiliko litzateke. Niri gertatu zitzaidan orain lau urte. Inoiz ez nuen errugbi zazpian jokatu eta selekzioan sartu zidaten, Munduko Serietan, Australian Ingalaterraren aurka jokatzen. Galduta nengoen. Beraz jendea eta denbora izatea behar beharrezkoa da».
«Munduko Serieak orain maiatzean jokatuko ditugu eta ondoren datoz Europako Txapelketak»
Joku Olinpikoetako muina bueltatu da selekziora
Pasa den urtean Joku Olinpikoetan Tiki Inchausti zen Espainiako entrenatzailea, baina bere lekukoa Pablo Feijoo donostiarrak hartu du. Lehendabiziko deialdian berrikuntza egon zen eta Igor izan zen mantendu zen bakanetakoa. Hala ere azken deialdietan ordungo jokalari asko deitu ditu. «Hong Kongerako aurreko urteko oinarriak erabili zituen. Denbora gutxi egon zen prestatzeko eta ezin ziren esperimentuak egin. Zazpikoan ez du balio 15etik jokalari bat sartu eta jokatzen hastea. Adaptazio prozesu bat behar da. Beste kirol bat da. Guztiz desberdina. Paseak, lasterkaldiak... dena. Rucketan, lurrean oso erasokorra da, desafioak daude, bat baten aurka lehiak daude. Hamabostean baino fisiko hobea behar izaten da. Hamabostean fase bat egin eta lekua hartzeko denbora duzu. Zazpikoan hori ez da posible».
Eta albokoa oso ongi ezagutzea ezinbestekoa dela dio Igor Genuak. «Otsailean Irlandaren aurkako partiduan berri asko genituen eta lan doble egin behar izaten da efizientzia gutxiagorekin. Akatsak doble egiten nituen. Hong Kong-en aldiz entrenamentuan aurreko urtekoekin berehala nabaritu nuen errazago egiten genituela gauzak, koordinazio osoz. Hori ezagutzak egiten du. Erdia nekatzen zera eta bikoitza egiten duzu. Seven-ean oso garrantzitsua da baloia mantentzea eta hiru minutuz egiten baduzu, adibidez, entsegua egin duzu edo segituan etorriko da aurkaria lehertuta dagoelako»».
Joko horretan Igorrek garrantzi haundia du taldean. «Erdiko sakea asko praktikatzen dugu Villanueva eta Ignacio Martinekin. Talde kide batek eta nik ostikada nahiko ongi egiten dugu eta horrekin posesio asko irabazten ditugu. Horrek Hong Kong-en izugarri eman zigun. Ez genien uzten baloia edukitzen aurkariei. Defentsa hoberena eraso on bat dela esaten da ezta? Ba hori gertatzen da errugbi zazpian».