Iritsi da Hernaniren ordua, denboraldiko torneo garrantzitsuenetako batean; Berria Txapelketan, hain zuzen ere. Igandean hasiko du bere bidea talde hernaniarrak, Markinaren kontra. Hain justu, talde bizkaitarrak Hernanin jokatu zuen aurreko kanporaketa, Amurrioren kontra, eta 2-1 irabazi zuen, senior mailako partiduan 22-8 nagusituta.
Goizeko 11:00etan hasiko dira partiduak, kiroldegiko frontoian, eta kanporaketa berdindua espero da. Hernaniren aldetik, jokatuko dute Xabier Salaberria eta Oihan Zugasti kadeteek; Garikoitz Arizmendi eta Ekaitz Insausti jubenilek; eta Paul Ojuel eta Eneko Aizpitarte seniorrek. Hernaniarrak dira faborito kadeetan, eta markinarrak jubeniletan. Beraz, baliteke seniorren partiduak erabakitzea kanporaketa; eta hor, hernaniarrek esperientzia gehiago daukate.
GRAVNI torneotik, ezin txapelarik ekarri
Aurreko asteburuan, berriz, GRAVNI torneoko finala jokatu zuten hiru hernaniarrek. Frontoian, eskuz binaka aritu zen Iortiz Arrieta, nagusietan, Ibai Arratibel ataundarra lagun; baina ez zuten bere maila eman, eta galdu egin zuten, Yoldi eta Peñas nafarren kontra (10-22). Arrietak min hartu zuen, gainera.
Eta trinketean, jubeniletan, Endika Arizmendi eta Asier Cuevas aritu ziren, Iparraldeko Jauregiberri eta Gurrutxagaren kontra. Parean joan ziren partidu erdira arte, baina gero ezinean aritu ziren, kontrarioen erritmo altuarekin, eta 23-40 galdu zuten.
Hiru partidu, gaur
Gaur, bestalde, hiru bikote hernaniar ariko dira, kiroldegiko frontoian, 20:00etan hasita: Arabaolaza eta Garcia de Bikuña aurrena, Salaberria anaiak gero, eta Txintxurreta eta Castañeda azkenik.