Maiatzaren 1a, Langileen Nazioarteko Eguna izango da, eta Ernaik eta LABek dei egin dute, Bilbon egingo den manifestaziora joateko; 12:00etan aterako da Zabalburutik, eta bertara joateko autobusa antolatu du LABek. Txartelak salgai daude Hernaniko Garin eta Astigarragako Zipotza tabernetan.
Bestalde, atzokoa Lan Osasun eta Segurtasunaren eguna izan zen, eta honen harira ere, mobilizazioak izan dira.
Eskubide Gida eta Asanblada, Ernaik
Hernaniko Ernaik, Langileen Eskubide Gida aurkeztu zuen ostegunean Kontrakantxa Gaztetxean, LABekin batera, eta atzo, Hernaniko Langile Prekarioen Asanblada deitu zuen Plazan, Gazteraiki Topaketetan gazteei begira proposatutako alternatibak lantzeko.
Azken honetarako deialdia Hernaniko Ernaik bere kabuz egin zuen, eta ez sindikatu guztiekin bat eginik, atzoko Kronikan azaldu bezala.
Hala ere, atzoko eguna medio, sindikatuek ere egin zituzten mobilizazioak, Bilbon; ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRUk.
«Lan istripuek, gora»
Bestalde, LABek «langileek pairatzen duten prekarietatea salatzeko ekintza» egin zuen Tilosetan, atzo.
Sindikatuak azaldutakoaren arabera, «sinesgatiza bezain onartezina bada ere, oraindik, lanera joatean gure bizitza ariskuan jartzen dugu (...). Lan istripuen kopurua gora doa». Eta datuak ere ematen ditu: «2016an 55 heriotz istripu izan ziren, eta 2017an jada 20 langile hil dira lan istripu bate ondorioz».
Era berean, «krisiak gure lan osasunean eragin kaltegarria» izan duela ere salatu du, «prekarietatea eta prebentzio neurri eskasak» medio, «langilearen osasunaren gainetik, enpresaren irabazi asmoa nagusitzen baita». Horregatik, Bilborako deia egin du.