Gipuzkoako Foru Aldundiak hasi du dagoeneko 2016ko Errenta eta aberastasunaren kanpaina. Horrela beraz, apirilaren hasieratik ikusi daitezke autolikidaziorako proposamenak, eta herenegundik onartu daitezke Internet bidez edo bulegoetan; horretarako aukera ekainaren 26era arte luzatuko da.
Hitzordua eskatzeko aukera, datorren asteartetik aurrera
Datorren apirilaren 18an irekiko dituzte, ordea, Gipuzkoan zehar dauden bulegoak, horietako bat Hernanin (Latsunbeberri auzoa.
Horietan guztietan laguntza pertsonalizatua eskainiko dute Foru Aldundiak jarritako profesionalek. Aitorpena egiteko laguntza emango dute beraiek Errenta mekanizatua egiteko eta baita autolikidaziorako proposamena onartzeko. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da aurretik ordua eskatzea: egoitza.gipuzkoa.eus web orriaren bitartez edota 902 100 040 telefonoan.
Hitzordua eskatzeko ekainaren 5era arte izango da aukera; azkeneko zitak, aldiz, ekainaren 26ean izango dira, bai errenta modalitatean, baita aberastasunean ere.
Bestalde, autolikidaziorako proposamena onartu nahi ez dutenek, apirilaren 20era arte itxaron beharko dute errenta mekanizatua egiteko zita eskatzeko.
Dobera Euskara Elkarteko bazkideek, dedukzioa
Aurten ere, lehentasunezko mezenasgo jarduera izendatu du Foru Aldundiak Dobera Euskara Elkartea, eta ondorioz, 2016an ekarpena egin zuten bazkideek edota liburuak argitaratzeko laguntza eman zutenek, dedukzioa izango dute Errenta Aitorpenean, betiere, aurretik dokumentazioa aurkeztu baldin bada.